Gaurko aizkolariak beste era batekoak dira: edukazio handikoak, dena prestatuago izaten dutenak... eta batez ere, inork ez du galdu nahi. Finalaren ondoren, nork bota behar dio nori apustua? Galdera hori egin didate, eta nire erantzuna argia da: Iker Vicentek Aitzol Atutxari. Baina batak abantaila nahiko du, eta besteak ez dio emango. Eta ez da bata edo bestearengatik gaizki pentsatzeko motiboa. Jo dezagun Joseba Otaegik Iker Vicenteri apustua botatzen diola, egur baten abantaila eskatuz. Vicentek emango al zion abantaila? Ba, horixe. Hala eta guztiz ere, lan berdinaren gainean abantaila mota desberdinak daude; egurrak nork eraman, neurriak,... Horregatik, saiatuz gero, zer edo zer egongo delakoaren esperantzan nago.
Finalari begira jarrita. Aitzol Atutxak laugarren txapela jantzi zuen jarraian. Berak ere esan zuen: gehien kostatu zaiona. Normalean lan erdietan, bigarrenari bi minutuko aldea ateratzen zion. Oraingoan ez zen horrela izan, 20 urteko gazte batek ederki estutu zuelako: Iker Vicentek. Belarriak tente jartzeko moduko gauzak gertatu ziren, beraz, igandean. Atutxari ikasteko ondo etorriko zaiolakoan nago, eta Vicenteri ere bai, txapela urruti ez daukala ikusteko.
Zer gertatu den ikusita, berak ez du esango, baina esan beharra dago: Atutxa ez da puntuan iritsi finalera. Beste urteetako puntu hori ez duela hartu uste dut, eta gehiago egiteko gai dela ere argi daukat. Baina horrelakoa da txapelduna, hala eta guztiz ere, Euskal Herriko txapeldun. Fisikoki urte osoan oso ondo prestatuta egoten da mutil hau. Hamaika proba jokatzen ditu han eta hemen, eta gehienetan berak irabazten du.
Txapelduna da, eta Olasagasti ez denez, hark txapela irabaziagatik berak botatzen zuen apustua, entzutea tokatzen zaio dimarrari.
Beste finalistek berea egin zuten, agian Iñaki Azurmendi izan zen esperotakoaren azpitik ibili zena. Gipuzkoako txapeldunari kosta egin zitzaion hasieran, eta Atutxa eta Vicenteri denbora jatea ez da erraza izaten. Larrañaga, berriz, aizkolari arriskutsua da. Eguna duenean oso ondo egiten du aizkoran, gero eta hobeto. Indar handiko aizkolaria da. Joseba Otaegi txukun ibili zen, eta berea eman zuen. Mugertza, aldiz, ai 12 enborrak kana-erdikoak izan balira.
Beste final bat eta Diva txapelketa
Urriaren 22an, igandean, Urrezko Aizkolarien Txapelketako finala jokatuko da Getxon, eguerdian. Hiru finalista ariko dira lanean, banaka, modalitate desberdinetan: Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Jon Rekondo. Aurreko igandeko lanarekin ez du zerikusirik izango hilaren 22koak.
Bestalde, egun berean baina arratsaldean, 18:00etan, Aiako probalekuan harri-jasotzaile dema berezia antolatu dute. Bi hamarreko zilindro zaharrekin, duela 50 urteko apustu bat gogoratuko dute. Martin Lizeaga eta Juan Iguaran urnietarrek jokatu zutena, 18 urte zituztela. Igandean ez dira bi izango, bederatzi baizik: Aimar Irigoyen (Errezil), Izeta III (Zarautz), Lopetegi (Zarautz), Peña (Aizarnazabal), Ion Meter Scout (Algorta), Julio Jimenez (Avila), Goikoetxe (Elgoibar), Aimar Galarraga (Orio) eta Gorka Etxeberria (Orio). Ekimen berezi honi Aiako Diva Harri Txapelketa izena jarri diote, eta harri-jasotzaile bakoitzak hiru minutuko bi txanda egingo ditu.