Erakustaldi bikainak eta erdipurdiko apustuak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko uzt. 7a, 11:08

Asteasuko jaietan erakustaldia izan zen joan den ostiralean, eta plaza hartan Izeta ikusteko azken aukera izan zuten zaleek. Aurten utziko dio harri-jasotzeari eta, horrek eraginda, bazuen Asteasun kapritxoren bat edo beste eskaintzeko gogoa. Eta baita lanak bikain egin ere! Gainerakoak erakustaldi erritmoan aritu ziren, baina Izetak bere markatxoa utzi nahi zuen. Harrigarria da, 50 urterekin, zer nolako sasoia duen.

125 kiloko kubikoarekin minutu bateko saioa egin behar zuen, batetik, eta epaile lanetan aritu zen Aimar Irigoien, zorrotz. Guztira, hamaika jasoaldi egitea lortu zuen, eta Aimar bera ere harrituta geratu zen. Oso zaila da, minutu bakarrean, hamar jasoalditik gora egitea; normalean, bederatzi edo hamar jasoaldiren bueltan ibiltzen dira. Aipatzekoa da marka Izetak berak daukala, hamahiru jasoaldirekin, sasoirik onenean eta, urtetan, Goenatxo II.ak izan zuela, hamabirekin.

Txapeldun handi bat izan da, eta argi dago itxura onarekin amaitu nahi duela bere ibilbidea. Inori ez dio ezer zor eta 50 urterekin utziko du kirol ibilbidea; sasoi onean, ordea.

Bestetik, 125 kiloko errektangularrarekin beste hamabi jasoaldi egitera abiatu zen, eta 43 segundoan eman zizkion. Bera lanean ikusita erraza dirudi, eta jendeak ez dio behar adina meriturik aitortzen, baina, azpimarratu nahi dut, ikaragarria dela 43 segundoan hamabi jasoaldi ematea.

Bere aldetik, Aimar Irigoienek ere bere lana egin zuen eta, esaterako, 125 kiloko kopari 24 jasoaldi eman zizkion, bi minutuan.

Aizkoran, berriz, Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza aritu ziren norgehiagokan, erakustaldian. Hiruzpalau kolpez irabazi zion Mugertzak Otaegiri, eta lehia bikaina jokatu zuten. Mugertza aizkolari ikusgarria da, txikia eta bizia, 80 kilo azpitik beti. Otaegik, berriz, beste gorpuzkera eta estilo bat du, baina bere lana fin egiten du. Zizurkildarrak berak azaldu zuen moduan, lan motzetan onenen mailan aritzen da Mugertza; teknikoki oso ona da.

Larunbat arratsaldean, berriz, hainbesteko zeresana eman duen apustua izan zen. Ezohiko hitzordua zen, bai uztailean jokatzeagatik, eta baita larunbat arratsaldean jokatzeagatik ere. Bestalde, Alex Txikon mendizaleak bota zion erronka, Mikel Larrañaga Gipuzkoako aizkora txapeldunari, hiru lanetan: harria jasotzen, aizkoran eta korrika.

Egia esan, ikuskizun triste samarra eskaini zuten, eta horrelako irudiek ez diote mesederik egiten herri kirolei. Jendeak gehiago hitz egiten du halakoez, Arriak bi orduko saioan marka gainditzeaz baino, adibidez. Alex Txikon herri kiroletan aritzen da, bai, baina, nire ustez, ez du lehen mailako norbaitekin lehiatzeko adina prestakuntzarik. Egia da, berak egindako lanak meritu handikoak direla, aizkolari ez den norbaitentzat, eta lehengoan ere hala egin zuen: orduerdi batean 10 kanaerdiko moztea lan bikaina da.

Harriarekin berriz, 20 jasoaldi egin behar izan zituzten, 100 kiloko harriarekin. Herri kirol munduan dabilenarentzat, egiazki, oso lan erraza da hori, prestatuz gero. Bi hilabete izan dituzte prestatzeko eta, beharbada, Larrañagarentzat denbora nahikoa da. Menditik datorren norbaitentzat, ordea, bi hilabete denbora gutxi da, horrelako apustu bat prestatzen zerotik hasteko.

Aurretik egindako lanaz gain, apustuan bertan ere mutila eramaten jakin egin behar da. Lehiakidea harrapatu nahian ibili ziren, apustua apustua baita; hori askotan gertatzen da. Hil edo bizi joan ziren aizkorako lanera, eta gertatu zena gertatu zen gero. Gainera, lan batetik besterako trantsizioa ondo prestatu behar da, hala esaten dute egin duten guztiek, eta akaso hutsunea hor izan zen. Gaur egun, gainera, prestatzen ari diren bitartean, lanera joaten dira, eta ez da erabateko entrenamendua izaten, Olasagastik egin izan duen bezala.

Finean, apustua zerbait sakratua da, eta kosta egiten da barkatzen: hutsegite handiak egindako kirolariek kritika handiak jasotzen dituzte, eta gerora lan handiak egin behar izan dituzte, izen ona irabazteko.

Azkenik, joan den igandean, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa jokatu zuten Usurbilen. Sei aizkolari ziren lehian, baina Jon Irazuk ezin izan zuen jokatu, gerriko minagatik.

Joseba Otaegik irabazi zuen, lan bikaina eginda. Iaz bera jaitsi zen, baina aurten berriro gora egin du, sendotasunez. 12 minutu eta 33 segundoan ebaki zituen lau kanaerdiko, eta 60 ontzako beste bi enbor zituen. Xabier Zalduak egin zuen bigarren, eta hari irabazteko lana gogor egin behar da.

Zalantzarik gabe, Joseba Otaegi bere lekura itzuli da iazko ezuste txar horren ondoren. Lehen mailako aizkolaria da, eta ea sasoi puntu horretan jarraitzen duen datozkion hitzorduetan ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!