[Herri Kiroletatik...] Joandakoak, datozenak eta Asteasuko festetan gaude

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko eka. 30a, 13:16

Aurreko asteburuan Tolosan herri kirol saioa izan genuen, festen barruan, igande eguerdian. Arria V.a eta Mugertza aritu ziren alde batetik aizkoran; azken honek irabazi zuen bi kolperengatik. Irati Astondoa eta Alatzne Etxaburua ere aizkoran lehiatu ziren. Zizurkildarra nagusitu zitzaion Astondoa bizkaitarrari. Inaxio Perurenak, berriz, 270 kiloko harria jaso zuen, eta Ibarrako sokatiralariek erakustaldia eskaini zuten.

Arratsaldean, Zizurkilen Gipuzkoako Azkartasun Sega Txapelketa jokatu zen. Hemen ere Alatzne Etxaburua nagusitu zen, 3 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Bigarren Hernialdeko Alaitz Imaz geratu zen, 3.34ko denborarekin. Hirugarrena Ainara Otamendi ibartarra izan zen, 3.45ekin. Gizonezkoetan, lehenik kanporaketa jokatu zen, eta besteak beste, Jokin Etxeberria Bedaion bizi den amasarra segundo batengatik finaletik kanpo geratu zen. Julen Gabirondo izan zen txapela jantzi zuena, Peio Argaia zizurkildarraren aurretik. Iban Pardo izan zen hirugarrena, eta Suharri Irazustabarrena laugarrena.

Errezilen, kintopekoen idi demak izan ditugu azken egunetan. Asteartean, azken egunean, Lopetegiren idien marka zegoen hausteko: 56 plaza. Olidenek 58 plaza, 3 metro eta 63 zentimetro egin zituen. Zornotzako anaien idi parea ez zen urruti ibili, 58 plaza justurekin. Benetan zoragarria izan zen azken egun hori.

Aurrera begira jarrita, asteburu honetan apustua dagoela esan behar da. Larunbatean, 19:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Aletx Txikon eta Mikel Larrañaga neurtuko dira. 100 kiloko harria 20 aldiz jaso beharko dute lehendabizi. Ondoren, Txikonek 10 kanaerdiko ebaki beharko ditu, eta Larrañagak 12. Azkenik, 7,5 kilometro egin beharko dituzte korrika, plazari 75 itzuli emanaz. Aizkoran Larrañagak denbora ateratzea espero da, baina apustuak apustu dira eta ez dakigu Txikon nola dagoen. Menditik etorri berria da, eta prestatzeko denbora asko ez du izan, baina larunbatean ikusiko da zer geratzen den.

Igandean, berriz, uztailaren 2an, Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko da Usurbilen, 12:30ean. Euskal Herriko Trontza Txapelketa ere bertan jokatuko da. Aizkoran eskualdeko hiru ordezkari izango ditugu: Jexuxmari Mujika, Joseba Otaegi eta Jon Irazu. Hauekin batera, Eneko Otaño, Luis Txapartegi eta Xabier Zaldua ariko dira lehian. Irabazleak lehen mailarako igoera lortuko du.

Azkenik, asteasuarrok festetan gaudela esango dugu. Gaur, ostirala, herri kirol saioa izango da eguerdian. Aizkoran Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza ariko dira, eta harria jasotzen Aimar Irigoien eta Izeta II.a. Igande arratsaldean, berriz, herrien arteko herri kirol desafioa izango da. Kirol desberdinetan neurtzen dituzte indarrak, ikuskizun polita eskainiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!