Zalduak 20 enborrak 56 minutu eta 16 segundoan ebaki zituen; Luis Txapartegik, 1:01:08an. 400 ikusletik gora elkartu ziren Azkoitiko pilotalekuan, oso giro ederra jarriz. Denborak ikusita egurrak pixka bat helduak izango ziren. Izan ere, Zalduak lan hori 47 minututan egina dauka, eta ondoren 10 kilometro korri eginda gainera. Oso gogorrak ere ez ziren, ordea, bestela denboran oraindik eta gehiago joango ziren.
Aizkorarekin jarraituz, bai larunbatean eta baita igandean ere, apustuak izango dira. Hilaren 18an hirugarren mailakoak izan daitezkeen bi aizkolari ariko dira Urretxuko frontoian, 19:00etan. 12 kana erdiko ebaki beharko dituzte Zerainen bizi den Xabier Dorronsorok eta Zumarragako Julen Aranbarri Elorriaga III.ak. Alde bakoitzak 1.000 euro jarriko ditu. Hilaren 19an, berriz, apustua Donesteben izango da. Nahiko apustu berezia gainera. Lan handiak egin beharko dituzte bertan aizkolariek, binaka, 10 kana erdiko eta lau oinbiko ebakitzeko. Pello Telletxea eta Jon Telletxea, Jexux Etxeberria eta Migel Anjel Etxeberriaren aurka ariko dira. Milana euro jokatuko dituzte. Esan behar da, apustu honek ikusmin handia piztu duela, eta giro ederra egongo dela igandean Donezteben.
Bukatzeko sokatira kontuen aipamena egingo genuke. Martxoaren 18an, larunbatean, Bakion 600 kiloko talde mistoen arteko lehia izango da. 17:00etan hasiko dira tiraldiak, eta sei talde ariko dira goma gainean. Ibarra gure eskualdeko taldea bertan izango da, eta bere aurkarien zerrenda ondorengoek osatuko dute: Berriozarrek, Antsoainek, Gaztedi Ak eta Gaztedi Bk, eta Muruetak.