Urrezko aizkolariak, Perurena eta marka historiko bat

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko ots. 10a, 13:41

Negu astea izan dugu, eta neguan tokatzen diren kirolak. Egin litezkeen batzuk ez dira egiten, baina aizkora eta harri-jasotzaileak bai, hauek ibili dira. Lasto altxatze, trontza, ingudea... horien garaia ere bada, baina horiek geldirik daude. Sega garaia ez da, adibidez, nahiz eta garai batean neguan ere ibiltzen ziren segalariak. Ikusita dauzkat hondartzan entrenatzen.

Edo entzuna daukat kamioika hondar etxera eraman eta han ibiltzen zirela neguan, erritmoa ez galtzeko, kolpeka-kolpeka. Gaur egun ordea, garai honetan ikuskizuna lehen esandakoek jartzen dute. Eta iragan ostiralean Beasainen eskualdeko bi aizkolari izan ziren, elkarren aurka. 

Otaegi eta Arria V.a nagusi

Egur Sportek negu aldean antolatzen ditu hainbat txapelketa, eta orain, binakako urrezko aizkolarienaren garaia da. Ligaxkako azken jardunaldia Beasainen jokatu zen, ostiralean. Alde batetik, Joseba Otaegi zizurkildarra eta Xabier Orbegozo Arria V.a. Bestetik, Jon Irazu zizurkildarra eta Patxi Mindegia. Benetan oso lehia polita eskaini zuten lau aizkolariek. Parean ibili ziren denbora guztian, nahiz eta amaierako denborak hori ez duen erakusten. Esan beharra dago egurrek markatu zutela diferentzia hori. Adar begiak bi bikoteek izan zituzten, eta Otaegi-Arria V.ak hala moduz gainditu zituzten. Baina azken enborrean Irazuri eta Mindegiari galanta atera zitzaien; eta hor ihes egin zien denborak. Azken ariketa horretara iritsi arte, aurretik ziren gero galtzaile izango zirenak. Amaieran, 23:58 Otaegi eta Arria V.ak, 25:47 Irazu-Mindegiak. Azpimarratu beharra daukat Patxi Mindegia. Beasainen oso ondo ikusi nuen, eta goraka datorren aizkolaria da. Oso aizkolaria da, nahiz eta kilo batzuk izan, bere anaia Migel Mindegia bezala. Oso ondo ikusi nuen: bizi, bere burua kontrolatuz... Finalerdietan ezustekoren bat eman lezake bikote honek. Izan ere, behin ligaxka amaitu ondoren, hiru finalerdi jokatuko dira orain. Lehena, larunbat honetan, Arantzan, 19:00etan. Alde batetik, Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo egongo dira, eta bestetik, Jon Rekondo eta Donato Larretxea. Irabazleak finalera sartuko dira. 

Beste bi finalerdiak otsailaren 19an jokatuko dira Oñatin, 12:00etan. Irazu eta Mindegia Vicente eta Saralegiren aurka, eta Atutxa-Mugertza, Lopez de Azpilikueta-Otañoren aurka. Lehia hauetatik irtengo dira hiru finalistak.

Aizkolariekin batera harri-jasotzaileak aritzen dira txapelketa honetan. Kasu honetan, ordea, izen ezagunena baino etorkizuneko harri-jasotzaileen txapelketa antolatu du Egur Sportek. Xabier Peñagarikano, Urtzi Telleria, Jagoba Otaegi, Iñigo Izagirre, Gorka Etxeberria... lau harrirekin bi minutuko txandetan ibiltzen dira. 125 kiloko koadroa, 125eko zilindroa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bolarekin. Beasainen, orain arteko jasoaldi gehien ikusi ziren. Urtzi Telleriak 66 lortu zituen, eta Iñigo Izagirrek 68. Saiotik saiora hobetzen doazen zenbakiak dira horiek. 

Esan beharra daukat, galdetu didatelako, Beasaingo herri kirol jaialdiaren bezperan Iñaki Azurmendirekin izan nintzela afaltzen. Apustu saiakera eta gero izan zen. Penaz zegoen mutila; triste. Behetik gora datorrela badaki, eta lan polit bat egiteko asmoa zuen apustua itxi izan balitz. Bere buruari esaten zion agian diru gutxiago esan izan balu apustua jokatzeko aukera gehiago izango zela. Izan ere, 12.000 euro esan zuen, eta hortik ez zela jaitsiko. Horrek galtzailearentzat zuloa suposatzen du; diru dezente galtzea. Baina gauzak horrela geratzen dira, Azurmendiren apustuari inork ez ziola erantzun.

Perurena eta marka historikoa

Inaxio Perurena ere gogora ekarri nahi dut, ari delako isil-isilik lanean. 310 kiloko errektangularra jaso nahi du, bere marka jartzeko. Prestaketa gogorra egiten ari zaio, normala den bezala. Ea bere burua prest ikusten duenean datarekin albistea ematen digun leitzarrak. Gustura hartuko genuke. 

Azkenik, ez dut esango izenik, baina bai historian dagoen marka bat hausteko ahaleginetan dabilela harri-jasotzaileren bat. Nire ustez aukerak baditu, gainera. Baina momentuz, ez dut izenik esango, gero bere burua ez baldin badu prest ikusten penaz ez geratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!