[Herri kiroletatik] Urte berrian ere herri kirolak ez du etenik

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko urt. 13a, 11:06

Nahiz eta herri kirolei dagokienez urte amaiera lasaia izan dugun, aizkolari eta harri-jasotzaileek ez zuten atsedenik izan urte zahar egunean ere. 

Asteasun, 2016ko Urrezko Aizkolari Kopa jokatu zen. Bertan, Aitzol Atutxa izan zen nagusi, hamabost kanaerdikoak azkarren berak moztu zituelarik. Bigarren, Jon Rekondo sailkatu zen. Leitzarra, lehenarengandik lau kolpetara geratu zen. Hirugarren eta azkena, berriz, Iñaki Azurmendi beasaindarra izan zen, bizkaitarrarengandik minutu batera.

Proba guztian zehar aurretik izan zen Atutxa, baina, hasieran Azurmendik emandako estutuaren ondorioz izandako betealdiarekin, lan erditan egur baten aldea ateratzen zion Rekondori. Azken honek, lanari nahiko mantso ekin bazion ere, gero oso ondo amaitu zuen. Atutxak, asko sufritzen duenean ere, momentu txarretan aurrera ateratzen badakiela erakutsi zuen; txapeldun handia baita, eta oso zaila da berari irabaztea.

Harri-jasotzaileek ere eman zuten zeresana leku berean, 2016ko Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finala jokatu baitzuten Iruretagoiena aita-semeek. Izeta II eta Izeta IV izan ziren aurrez aurre. Jokin Eizmendi ere azaltzekoa zen, baina gripeak jota ezin izan zuen parte hartu.

Jose Ramonek oraindik sasoian dagoela erakutsi zuen, eta ordura arteko lan berdina bete behar zutelarik, bina minututan 150 kiloko koadroari, 113 kiloko kubikoari eta 100 kiloko bolari, 55 jasoaldi eman zizkien guztira. Semea hiru jasoalditara geratu zen, baina biek ere 51 jasoalditan zegoen marka hobetu zuten.

Eizmendiren baja tarteko, Izetako eskolako Eizagirre eta Peña harri-jasotzaileen erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zen, eta elkarren aurkako lehia berdinketarekin amaitu zen. Azkenean, 100 kiloko bolarekin hautsi behar izan zuten berdinketa, eta Peña izan zen garaile.

Urte hasieran harri-jasotzaileak

Bestalde, urtarrilaren 15ean, igandez, Aian elkartuko dira berriro ere Harri Handien Euskal Herriko Txapelketaren finalean aritu ziren bost harri jasotzaileetatik lau. Hain zuzen ere, Aimar Irigoien, Imanol Illarramendi, Aimar Olarraga eta Jokin Eizmendi. Jon Unanue Goenatxo III ez da bertan izango. Eta lau partaideek burutu beharreko lana, orduko txapelketako lan antzekoa izango da; hiruna minutu izango baitituzte honako harriak jasotzeko: 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola.

Honakoa, azken unean antolatutako gauza da, eta prestaketa gutxirekin iritsiko dira harri-jasotzaile guztiak. Pasa den urtean ere Aian bertan Perurenari omenaldia egin zioten, eta horri jarraipena eman nahi izan diote ospakizun honekin. San Anton izena eman diote txapelketari, festen inguruan antolatu dutelako, eta bertara inguratu nahi duenak 5 euro ordaindu beharko ditu.

Aizkolariei dagokienez, urrezko koparen ondoren, lasaitasuna da nagusi, eta oraindik ere ez da apustu konturik aipatzen. Martxotik aurrera ikusiko da nork ordaintzen dituen egurren gastuak eta nork handiagotu zorrak. Apustuen artean, aipatzekoak dira Zaldua eta Txapartegiren artekoa, Elorriaga aizkolari ohiaren semeak eta Dorronsorok jokatuko dutena, eta noski, bertan behera geratu den Atutxa eta Olasagastiren proba famatua. Gipuzkoarra oraindik ez da osatu duela urtebete pasatxo izan zuen eskuko lesiotik, eta atzo elkartu ziren biak Kantabriko tabernan elkarren arteko apustua deuseztatzeko.

Azkenik, aipatzekoa da azken urtetan fama handia hartu duen Idi Dema ere. Deban jokatu zen urtarrileko lehen astean, eta zazpi egunetako denborak kontuan hartuta, Lopategi izan zen nagusi. Oliden eta Telleria gipuzkoarrak hirugarren eta bosgarren sailkatu ziren hurrenez hurren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!