Beldurra ere banuen. Igandekoa bezalako apustuek, bi ordutik gorakoek, badute arrisku bat. Eta da, ordubetean dena erabakita geratzea eta apustua puskatzea. Horrek dena itsusten du, eta jendeak alde ere egin izan du. Baina Tolosako zezen plazan, apustua joan zen moduan joanda, azken momentura arte hantxe egon behar izan genuen, eta gustura gainera.
1.000 ikusle inguru elkartu ziren. Sarrera ederra. Apustuetan 500-600 elkartzen badira ondo egoten da. On xamarra bada, ordea, 800-1.000 inguruan ibiltzen da.
Irabazleak Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares izan ziren. 20 kana-erdikoak eta 20 kilometroak korrika 2 ordu 12 minutu eta 33 segundotan egin zituzten. Xabier Orbegozo Arria V.ak 21 segundo gehiago egin zituen, bi ordutik gorako lanaren ondoren.
Xabierrek egurrak oso ondo ebaki zituen. Aurrez esan zigunaren arabera, 44-45 minutuan bukatu nahi zuen aizkorako lana, gero korrika kilometroa 4 minutu eta 15 segundoren bueltan egiteko. Lehen lanak oso ondo egin zituen, 20 kana-erdikoak 43:53an bota baitzituen. Korrika luzatu zitzaion pixka bat.
Nik espero baino hobeto ibili ziren gazteak aizkoran. Ez nuen espero bi minutuko galera bakarrik izango zutenik. 50 minutura arrimatuko zirela pentsatzen nuen. Baina ikusi zen biak oso ondo prestatuta joan zirela apustura. Lanik handienak Arria V.ak zituen, baina gazteek eurena oso ondo egin zuten.
Xabier Orbegozok dena eman zuela esan zuen apustua bukatu ondoren. Eta hori ikusteko aukera izan genuen. Ezinean zihoan pertsona bat oraindik eta gehiago ematen ikusi genuen. Plaza zutik, eta bihotzak hunkitu zitzaizkigun guztioi. Meritu izugarria dauka. Aurretik izan zen erbi kontuak aipatzen aritu zenik. Argi geratu zen apustua irabaztera joan zirela bi aldeak, eta ez elkar laguntzera. Hor ez zen erbi konturik izan, alderantzizkoa. Apustua benetan fina geratu zen.
Amaieran, Kañamaresekin hitz egiteko aukera ere izan nuen, eta gauza xelebrea kontatu zidan. Alde batetik, zalantzan zen amaieran benetan amaitu zuen edo buelta bat falta zitzaion. Bestetik, atzetik zihoala ere pentsatu omen zuen. Kontua zera da, amaitu zuenean buelta bat falta zitzaiola uste zuela. Orduan esprint batean hasi zen, jendea ospatzera bidera atera zitzaion arte. 100 buelta ondoren, mutila nahasturik ibili zen. Pentsa Arria V.a, 200 bueltaren ondoren. Niretzat lekuz kanpoko lanak dira horiek. Dohain handiak dituen batek bakarrik egin dezake horrelakorik.
Marka kontuak ere baziren tartean. Joxe Aierbek duela 40 urte egin zuena hor zegoen. Akta, ordea, ez omen zegoen Euskal Herriko Herri Kirol Federazioan. Azkenean azaldu da, ordea. Arabako Atletismo Federazioan zegoen. Dena garbi jartzen du bertan, laguntzaileak zeintzuk ziren eta guzti. Epaileak, berriz, bat Gipuzkoakoa, bestea Nafarra, eta badaezpada, hirugarren bat bizkaitarra. Guztiak garai hartan ondo ezagunak.
Egurrak 47 minutu eta 50 segundoan ebaki zituen Aierbek. Arria V.ak baina ia 4 minutu gehiagoan. Korrika, berriz, Aierbek 1:21:49 egin zuen. Guztira, 2:09:39.
Apustuaren kontuarekin bukatzeko, gauza bat esan nahi dut: Joxe Aierbe aizkora eta korrikako lanetan, zegoen hoberena zela. Aurkaririk ez zeukan. Aizkoran maila handia zegoen garai hartan, eta baita korrika ere. Eta Aierbe, lan handiak egindakoa da herri kiroletan. Horrekin esan nahi dut, baten merituak ez dituela besteak kentzen.
Bestalde, aurreko ostiralean Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatu zela esan behar da. Iazko irabazleak jantzi zuen txapela aurtengoan ere, Iker Vicentek. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko 32 minutu eta 16 segundo behar izan zituen. Ruben Saralegi, Vicenteren lehengusua, bigarren geratu zen, 32:26ko denborarekin, hau da, 10 segundora. Hor esan behar da azken enborrean Saralegiri adar begia atera zitzaiola. Gauzak, beraz, oso estu izan ziren. Hirugarren Jon Rekondo geratu zen, 33 minutu eta 15 segundorekin. Laugarrena Juan Joxe Lopez de Azpilikueta izan zen, 34:11ko denborarekin, eta bosgarrena, Donato Larretxea, 36:31rekin. Honek galdu zuen maila, eta ondorioz, hurrengo urtean Nafarroako bigarren mailan lehiatu beharko du.
ZIZURKILEN, LARUNBATEAN
Urrezko Aizkolarien Kopa final-laurdenetan dago, eta larunbatean, hilaren 26an, Zizurkilen jokatuko da kanporaketa bat, 19:00etan. Etxeko bi aizkolari ariko dira elkarren aurka: Jon Irazu eta Joseba Otaegi. 12 kanaerdiko izango da egin beharreko lana. Otaegi aurten Euskal Herriko Txapelketan bigarren geratu da, eta iaz, postu hori Jon Irazurena izan zen. Jaialdi horretan harri-jasotzaileak ere izango dira, bi minutuko txandetan. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Imanol Illarramendi Kortaberri lehiatuko dira.