[Herri kiroletatik] Euskal Herriko hiru txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko irailaren 29a

Larunbatean Euskal Herriko hiru txapelketa jokatu ziren, eta guztiak ordu berean. Larrabetzun trontza txapelketa mistoaren kanporaketa jokatu zen. 

Eskualdeko bi bikote zeuden bertan. Alatzne Etxaburuak eta Santi Aizpuruak laugarren egin zuten, irabazlearengandik 29 segundora. Beraz, urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean egongo dira. Bertan egongo ez direnak Miren eta Jokin Garmendia baliarraindarrak izango dira. Trontzarekin arazoak izan ondoren, zortzigarren amaitu zuten. 

Zarautzen 21 urte azpikoen harri jasotzaile txapelketa jokatu zen. Faboritoak jantzi zuen txapela, Mikel Lopetegik. Horrez gain marka berria jarri zuen zarauztarrak, 100 kiloko zilindro zaharrari eta harri kubikoari 62 jasoaldi eman eta gero. Handia egin zuen Lopetegik.

Aizarnazabalen, azkenik, lasto jasotze txapelketa jokatu zen. Azken urteetan bezala Joxe Martin Bustinza Tubi izan zen onena, 25 jasoaldi eta marka berria jarriz. Peio Argaia zizurkildarra bosgarren geratu zen, 16 jasoaldiarekin.

Asteburu honi begira jarrita, Nafarroan, 3. Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelkeatren finala jokatuko da Igantzin, larunbatean, 18:00etan. Sei aizkolari ariko dira lehian: Joxean Etxeberria, Oier Kañamares, Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Aitor Urteaga eta Jokin Alkizalete asteasuarra. Bi lehenak bigarren mailara igoko dira. Azkenik, aipatu, igande arratsalde honetan, Altzagan aizkolariak eta harri jasotzailek egongo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!