Ezustekoz beteriko txapelketak eta asteburuan zer?

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko ira. 23a, 12:01

Abuztua eta iraila hasiera bete-beteak izan dira herri kirol munduan. Gauzak bere lekuan jartzen hasita, aizkolariekin hasi behar. Lehen mailako Euskal Herriko Txapelketako finala Leitzan erabakirik gelditu zen.

Bertan jokatu zen kanporaketan 10 aizkolari aritu ziren lehian. Normalean 12 izaten dira, baina Olasagasti min hartuta eta Nazabal aizkora utzita direnez, hamarren artean finalerako sei postu banatu ziren. Eta ezusteko handiak egon ziren. Kiniela egin izan bagenu, inork ez zuen asmatuko. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar zituzten. Finaleko lanaren erdia. 20 urteko Iker Vicente izan zen azkarrena, 19:15 segundotan lanak bukatuz. Aitzol Atutxa azken bi urteetako txapelduna bigarren gelditu zen. Hirugarren Larrañaga, azpeitiarra. Laugarren Joseba Otaegi. Zizurkildarrak badaki zer den finala jokatzea lehen ere, eta aurten ere barruan izango da. Bosgarren Lopez. Azken urteetan finalean ikusi ez duguna. Alderantziz, maila mantentzeko lehian ibili da lezaundarra. Seigarren Ugaitz Mugertza mutrikuarra, 22:02ko denborarekin. Lau segundora, Iñaki Azurmendi sailkatu zen. Euskal Herriko txapela bi aldiz jantzia duen aizkolaria, beraz, aurten ez da finalean egongo. Bera bezala, iaz bigarren amaitu zuen Jon Irazu. Zizurkildarrak seigarren postu hori 12 segundogatik galdu zuen. Finalean egoteko bi faborito hauez gain, Jon Rekondo ere kanpoan geratu zen, Ruben Saralegi bezala.


Ezustekoak, esan bezala, eta iazko finalistetatik bik bakarrik errepikatuko dute: Aitzol Atutxak eta Joseba Otaegik. Txapela janzteko faboritoa bizkaitarra izango da, nahiz eta kanporaketan bigarren egin. Enbor handietan argi erakutsi zuen bere nagusitasuna. Atzetik hasi arren, aurretik bukatu zuen enbor horietan. Finala urriaren 23an jokatuko da Bilboko Miribillan.


Bestalde, oraingoz inork ez du maila galduko. Hori bai, Olasagastik Ruben Saralegiren aurka jokatu nahi duela esaten baldin badu, lesiotik osatu ondoren, bietako bat behera jaitsiko da, bigarren mailara.
Olasagastiz hitz egin ondoren, ezin urte amaieran duen apustua aipatu gabe utzi; Aitzol Atutxaren aurkakoa. Eta ni behintzat, ezezkoan nago. Ez dela iritsiko uste dut. Zerotik apustu baterako prestatzea ez da erraza, eta bi hilabete ez dira nahikoa nire ustez. Hala eta guztiz ere igeldoarrak ez du ofizialki ezer esan, eta aizkoran hasi omen da pixka bat.


Bigarren mailako Euskal Herriko Txapelketa ere aipatu behar dugu. Urriaren 8an, Azkoitian jokatuko da kanporaketa, 18:00etan. Hamahiru aizkolari elkartuko dira bertan. Berez hamalau izaten dira, baina Unai Otaño ibartarrak aizkora utzi duenez, lehen mailakoan bezala, aurten ez dira guztiak elkartuko. Jauregi, Aratz Mugertza, Txapartegi, Alberdi, Zaldua, Aitor Senosiain, Mindegia, Kañamares, Ander Erasun, Eneko Otaño, Arria V.a, Oihan Larretxea, eta Jexuxmari Mujika. Horietatik sei azkarrenak finalera pasako dira. Gerra bizia egongo da. Hemendik lehen biak lehen mailara pasako dira. Arria V.a lehen mailako aizkolaria da, baina txapelketak utzita denbora egin zuenez, hirugarren mailan hasi eta pixkanaka gora doa.
Kasu honetan ere, apustua aipatu beharra dago. Arria V.a, Kañamares eta Jauregi, bigarren mailako lehian egongo dira, baina azaroaren 20an, Tolosako zezen plazan, hitzordua jarria dute. 20 kanaerdiko eta 20 kilometro korrika. Errezildarra beste bien aurka. Alkizako jaietan Arria V.a eta Kañamares aizkoran ikusteko aukera izan genuen, eta azken hau bikain ibili zen. Jendea hasi da, beraz, apustua begiz jota hizketan. Bigarren mailakoan gertatzen denak ere zeresana emango du.


Eta asteburu honetan zer?
Hiru herri kirol txapelketa egun eta ordu berean. Larunbata, 19:00etan. Alde batetik, Larrabetzun trontzalariak ariko dira, Euskal Herriko Txapelketa Mistoaren kanporaketa jokatuko dute. Bederatzi bikoteren artean, finalerako sei postu jokatuko dira. Eskualdetik bi bikote joango dira Larrabetzura: Miren eta Jokin Garmendia baliarraindarrak, anai-arrebak, eta Alatzne Etxaburua eta Xanti Aizpurua zizurkildarrak, senar-emazteak.


Zarautzen, 21 urte azpikoen harri jasotzaile txapelketa jokatuko da, udaletxearen aurrean. Jon Gisasola Zelai handiaren semea, Aritz Etxeberria bizkaitarra eta Mikel Lopetegi zarauztarra eta faborito nagusia. Iaz Lopetegik Iñaki Olidenen marka berdindu zuen txapelketa horretan, eta aurten puskatzera joango da. 100 kiloko kubikoarekin 3 minututan aritu beharko dute, ondoren denbora berean 100 kiloko zilindro zaharrari eusteko.  


Azkenik, larunbatean Aizarnazabalen ere izango da herri kirol jaialdia. Kasu honetan, Euskal Herriko Lasto Altxatze txapelketa jokatuko da. Hamaika parte hartzaile ariko dira lehian, 45 kiloko fardoa nork gehiagotan altxa, bi minuturen barruan. Eskualdeko ordezkaria Pello Argaia zizurkildarra izango da, eta txapela janzteko faboritoa, azken 10 urteetan jaun eta jabe izan den Joxemari Bustintza Tubi.
Igandean, berriz, oso urrutira joan gabe izango dugu herri kirolariak lanean ikusteko aukera. Iruran sanmielak ospatzen ari dira, eta hilaren 25ean, 17:00etan, jaialdi benetan erakargarria antolatu dute. Lau aizkolari ariko dira binaka: Jexuxmari Mujika eta Xabier Zaldua alde batetik, eta bestetik, Ugaitz Mugertza eta Jokin Alkizalete. Harri jasotzen, berriz, Inaxio Perurena ariko da, 270 kiloko harria jaso nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!