Sega garaia iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko eka. 16a, 13:54

Sega garai bete-betean sartu gara. Igandean, 11:30ean, Gipuzkoako Sega Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Aizarnan, Zestoan. Bi taldetan ariko dira segalariak. 30 minutuko lana egin beharko dute, eta gero kilo gehien biltzen dutenek egingo dute aurrera, multzo bakoitzeko lehen biek.

Lehen taldean Iban Pardo zestoarra, Julen Gabirondo urnietarra eta iazko Euskal Herriko txapelduna, Andoni Urrutia oñatiarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra ariko dira. Sega utzirik egon ondoren, berriro itzuli da belazera Arteaga. Euskal Herrikoa irabazia dago baliarraindarra, eta ikusi beharko da zein mailatan itzultzen den. Segalari oso fina.

Bigarren multzoko lau segalariak 12:30ean hasiko dira lanean. Igor Esnaola legorretarra eta herri kirol munduan oso ezaguna den txapelduna bertan egongo da. Berarekin, Iñigo Mercader eta Suharri Irazustabarrena urnietarrak eta Jokin Etxeberria amasarra ariko dira. Azken honek ez du ezezaguna mundu hau, duela lau urte ere parte hartu baitzuen.

Finala uztailaren 10ean jokatuko da Asteasun. Faboritoen artean, Julen Gabirondo eta Igor Esnaola aipatuko nituzke, nabarmen. Gero, ikusi egin beharko da Arteaga nola itzuli den eta beste segalarien sasoi puntua. Maila oso polita egongo da Aizarnan, eta txapelketa osoan.

Sega kirol oso berezia da. Meritu handikoa, eta Gipuzkoako Txapelketara, lan luzera, zortzi segalari aurkezteak harritu egin nau. Gainera, beste bi segalari bidean gelditu direla jakin badakit, prestatzen hasi eta forman ez direlako ikusi izena eman ez dutenak. Guztiz ikusgarria den kirola da sega, oso polita, eta Asteasun, adibidez, oso maitea. Euskal Herriko Txapelketak ikusiak gara bertan, baita asteasuarrak tartean zirela ere. Bizi egiten dugu sega.

Gipuzkoako Sega Txapelketa, finalerdiak
Ekainak 19, Aizarnan (Zestoa); Lehenengo kanporaketa: 11:30
• Iban Pardo Andres
• Arkaitz Arteaga Bereziartua (Baliarrain)
• Julen Gabirondo Izeta
• Andoni Urrutia Idigoras

 Bigarren kanporaketa: 12:30
• Igor Esnaola Dorronsoro
• Jokin Etxeberria Peñagarikano (Amasa)
• Iñigo Mercader Soroa
• Suharri Irazustaberrena Arbelaitz

Azkartasunekoa
Ekainaren 26an, igandez, Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatuko da Zizurkilen. Aurrez esandako guztiekin batera, segalari zerrenda luzea elkartuko dira 18:00etan lanean hasteko. Eskualdekoak ere bertan izango dira. Gizonezkoek 100 metro karratuko saila moztu beharko dute. Emakumeen kasuan, 50 m2-koa. Hauek Gipuzkoako Sega Txapelketarik ez dute jokatuko, gizonen kasuan bezala. Ez eta ondoren etorriko den Euskal Herrikoa ere. Azkartasunekoa bai, hiru segalari elkartzea lortu baitute, aurrez aipatu beste bi txapelketetan ez bezala. Alatzne Etxaburua beti bezala lanerako prest joango da Zizurkilera. Berarekin batera, Ainara Otamendi ibartarra.

Irati Astondoa bizkaitarra izanagatik, ekainaren 26an lanean ibiliko da, multzoa osatzen laguntzen. Euskal Herrikoan, lan luzeetan, ez da egongo, ordea. Zeanuritarra buru-belarri dabil aizkoran.

Gipuzkoako azkartasuneko sega txapelketan
Ekainak 26, 18:00etan Zizurkilen
Gizonezkoak
• Arkaitz Arteaga Bereziartua (Baliarrain)
• Peio Argaia Eizmendi (Zizurkil)
• Igor Esnaola Dorronsoro
• Jokin Etxeberria Peñagarikano (Amasa)
• Julen Gabirondo Izeta
• Mikel Garaialde Orbegozo
• Jokin Garmendia Etxeberria (Baliarrain)
• Joakin Garmendia Garmendia (Anoeta)
• Suharri Irazustabarrena Arbelaitz
• Arkaitz Lizarralde Padilla
• Iñigo Mercader Soroa
• Jon Otaegi
• Iban Pardo Andres
• Andoni Urrutia Idigoras

Emakumezkoak
• Irati Astondoa Zuluaga
• Alatzne Etxaburua Otaegi (Zizurkil)
• Ainara Otamendi Elizalde (Ibarra)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!