Nori eta Hernialdeko Iban Ugartemendia harri jasotzaileari. Uztak jarri dituen baldintzak ondorengoak dira: Samartinetan jokatze aldera, 200 kiloko harri errektangularrarekin bost minutuko hiru txanda. Nork jasoaldi gehiago eman. Sanjoan egunean, hilaren 24an, 20:00etatik 22:00etara, hantxe egongo dela Azpeitiko Mendizabal Jatetxean. Gero, Ugartemendiak zerbait aldatu nahi baldin badu, edo ez, edo ez baldin badu jokatu nahi, beste gauza bat da. Baina hernialdearrak inguruan dituenak ezagututa, agian, zerbait atera daiteke. Ez da diru kontuez hitz egin, oraindik.
Kontua da, Xabier Aranburu Uzta Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan ez dela ateratzen, nahiz eta aurten ateratzekoa izan. Eta horregatik aparte uzten ote duten edo. Dirudienez, bi edo hiru joan omen zaizkio horrelako zerbait esanaz. Harri baldarrarekin ondo moldatzen da Urrestillako harri jasotzailea, eta Igeldoko harriarekin ere ondo moldatu izan da. «Bai, baina Euskal Herrikoan ez duk parte hartzen!». Hortik, txapelketan dabilen baten aurka desafioa botatzearen kontua.
Ez da betiko harri jasotzailea Uzta, duela lau urte inguru hasitakoa baizik. Urte baten barruan baietz 200 kiloko harria jaso esanaz hasitakoa. 200 kiloko errektangularra oso ondo jaso zuen. Ugartemendiak, bestalde, oso ondo daki hiru minutuko lau txandetan harri handiekin ibiltzea zer den; txapelketan lan horietan ibilia baita.
Bost minutuko hiru txanda lan handia da, eta arriskutsua. Hirugarren txandan harria ezin jasorik gelditzea ez litzateke harritzekoa izango. Oso ondo prestatu beharreko lana da, eta horregatik, oso apustu gutxi egin dira baldintza horietan.