Herri kiroletatik: "Legorretan eta Lazkao Txikiren baserri ondoan"

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko mai. 6a, 12:08

Urrezko aizkolariekin hasiko gara aste honetan, izan ere, banakako txapelketa hau aurrera doa, eta izen handiko aizkolariak agertzen hasi dira.

Oraingoz, ondorengoek lortu dute aurrera jarraitzeko eskubidea: Txapartegik, Julen Kañamaresek, Eneko Otañok, Arria V.ak, Ugaitz Mugertzak eta Aitzol Atutxak. Larunbatean, 18:30ean, beste kanporaketa bat jokatuko da, eta bi izen gehiago azalduko dira zerrenda horretan. Getarian larunbatean ondorengo aizkolariak ariko dira lanean: Larretxea, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Mikel Larrañaga. Esan bezala, bik aurrera egingo dute, eta beste biak kanpoan geratuko dira.


Aurreko asteburuan Idiazabalen izan zen aipatzeko herri kirol jaialdia. Idoia Etxeberria harri jasotzaileak bere markak hobetzen jarraitzen du. Aspaldi puskatu zituen hor zeuden marka guztiak, eta orain, bereak gainditzen ari da. Idiazabalen bi erronka zituen: bi eskurekin 160 kiloko harria jasotzea, eta esku bakarrarekin 118koa. Biak lortu zituen, eta txukun, garbi eta dotore, gainera. Bi eskurekin bi aldiz jaso zuen harria, eta bakarrarekin behin. Honen inguruan galdetu didate ea 200 kilotara iritsiko ote den Etxeberria. Hori urrutik dago, oso, baina lortuko balu, ikaragarria izango litzateke, baina benetan ikaragarria. Hala eta guztiz ere, 180 kilotik gora beste koska bat dago, eta hori, pisu horiekin ibiltzen diren harri jasotzaile guztiek esaten dute. Etxeberriarekin, Idiazabalen, Jokin Eizmendi aritu zen lanean. Honek ere bere marka hobetzea lortu zuen, 251 kiloko harriarekin.


Asteburu honi begira, bi hitzordu aipatu behar dira. Biak, igandean. Bata Legorretan, 18:30ean. Gipuzkoako Lokotx eta Ingude Txapelketak jokatuko dira. Bestea, 17:30etik aurrera, Lazkao Mendin. Herri kirol jaialdia antolatu dute, eta bertan, izen handi ugari elkartuko dira: Larretxea, Atutxa, Ugaitz Mugertza, Iker Vicente, Inaxio Perurena... Ondoren erromeria egongo da, eta urtero bezala, jende ugari elkartuko da Lazkao Txikiren baserriaren ondoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!