Aduna, Leitza, Beizama eta Abaltzisketan

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko api. 22a, 11:53

Iñaki Gorostidi eta biok lagun zaharrak gara. Elkar ondo ezagutzen gara. Eta berak egin zuena eta egiten duena egitea, ez da erraza. Ongi dakit hori. Meritu handia du. 

Igandean, 18:00etan, Gorostidi Harriaren X. Txapelketa antolatu du Adunan, Udalaren eta Muxkil Elkartearen laguntzarekin. 10 urte eta 10 txapelketa desberdin. Lan handia eskatzen du horrek; buruari buelta asko ematea. Berak ibilitako bost harri eramango ditu plazara, eta egun dauden harri jasotzaile onenak erakarri ditu txapelketara. Guztira, hamar. Tartean, Hernialdeko Iban Ugartemendia. Egin beharreko lana, nahi duten harriarekin hasita, bina jasoaldi ematea izango da bakoitzari. Bi jaso gabe ezingo dute hurrengora pasa. Eta hemendik, gonbidapena: alde batetik ikusleei, bertaratu daitezen, sarrera borondatea dela gogoratuz. Eta bestetik, harri jasotzaileei, ea animatzen diren aurten 185 kiloko zilindroa esku bakarrarekin jasotzera.

1982an jaso zuen bi aldiz 185 kiloko harri hori Iñaki Gorostidik, esku bakarrarekin, 77 kilo zituela. Aurretik 208 kilokoa lau aldiz jaso zuen. Ez sinisteko moduko marka lortu zuen Iñakik. Paperetan eta grabaturik dagoelako, bestela egun hori ezinezkoa dela esango genuke. Beste hainbat markekin geratzen den bezala, herri kiroletan gauza handiak eginak dira.

Adunan bakarrik ez, herri kirolak asteburu honetan leku askotan izango dira. Leitzan, larunbatean, Inaxio Perurena 308 kiloko harria jasotzen saiatuko da. 12:00etan jarri du hitzordua leitzarrak, eta hemen ere sarrera borondatea izango da. Ea aurrekoan bezala harria berdintzea lortzen duen Inaxiok. Suerterik onena berarentzat.

Leitzatik Beizamara, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako kanporaketa jokatuko baita larunbat arratsaldean bertan, 19:00etan. Igandean, berriz, txapelketa bereko beste kanporaketa Abaltzisketan jokatuko da, 12:00etan. Jexuxmari Mujika ibartarra bertan izango da.

Kanporaketa bakoitzetik bi aizkolarik egingo dute aurrera, eta hiru, bidean geratuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!