Apustuak, euskal nortasuna, eta Perurenatarrak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko api. 15a, 11:51

A pustuak daudenean, aizkoran edo beste herri kirolen batean, aspaldiko kontu bat bizitzearen sentsazioa izaten dut. Denboran atzera egitearena. Jende isil antzekoa, korredoreak, diru jokoa,... baina oraindik mantendu egiten den sentsazioa. Bene-benetakoa. Eta euskalduna.

Hori bai ez Euskal Herritik kanpo ez dugula beste inon ikusiko. Nolabaiteko nortasuna da, euskara bezala, bertakoa, euskalduna. Onerako edo txarrerako horrela da; gero bakoitzak ikusiko du zer kritikatzen duen eta nondik joan nahi duen, baina apustuen mundua, horrelakoxea da: benetako euskalduna.

Eta larunbatean, Aian, giro hori bizitzeko aukera izan zen idi apustu bat medio. Larraulgo Kixkurreren idi pareak irabazi zuen, aste honetan ATARIAn irakurri dugun bezala. Apustuak mahaian irabazten direla diotenek, arrazoi bat gehiago dute hori esaten jarraitzeko. Bi itzain hiruren aurka. Euskal Herrian zortzi itzain egongo dira punta-puntakoak. Eta Kixkurrek horietako bi zituen berarekin. Gabiriko Korta hiru itzainekin ibili zen, baina beste biak hobeak izan ziren. 

Harri jasotzaileak

Idi apustua jokatu zen probalekuan, igande honetan harri jasotzaile jaialdi berezia egongo da, Aiako Idi Proba Taldeak antolatuta. Iñaki Perurenari omenaldia egingo diote 18:00etan. Bi harrirekin ariko dira harri jasotzaileak, txapelketa moduko batean. 125 kiloko bi zilindro zaharrekin. Bata 24 ontzakoa eta bestea 32koa. Hau da, 54 zentimetroko luzerakoa bata, eta bestea 68 zentimetrokoa. Hiru minutuko lana izango dute harri bakoitzarekin. Eta hor argitu daiteke harri jasotzaile munduan dagoen polemikatxo bat. Zer da hobea, harri luzea edo laburragoa? Luzea esaten dute, baina harri jasotzailea laburra baldin bada, honek motzagoa errazago altxatuko du. Aian ikusiko da igandean. Berez, lege zaharrekoa, 24 ontzakoa ezin aipatu gabe utzi.

Harri jasotzaileak ondorengoak izango dira: Inar Urruzuno ondarroarra, harri txikien txapelduna eta Bizkaiko txapelduna; Mikel Lopategi Urra, harri jasotzaile benetan fina; Aimar Irigoien faboritoa; Josetxo Urrutia leitzarra; Haimar Galarraga oriotarra eta Xabier Aristegi Nafarroako txapelduna.

Bukatzeko hurrengo asterako aurrerapena: Inaxio Perurenaren marka saiakera, 308 kilokoarekin apirilaren 23an, eta 24an, Gorostidi Harriaren Txapelketa, Adunan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!