Frakaso bat eta bi txapeldun, desafio berria eta pozteko 305 kiloko marka

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko mar. 4a, 09:11

Ezustekoa baino gehiago frakasoa izan zen. Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketan O'Toolek ez zuen berea eman. Eta hasieratik ikusi genuen zerbait oker zebilela. Finala Azpeitian jokatu zen, larunbatean. Hiru bikote sailkatu ziren finalerako, eta Atutxa II.-Mugertza II.ak jantzi zuten txapela.

Saralegi-Rekondo bigarren geratu ziren, 34 segundura, eta Vicente-O'Toole hirugarren, ia bi minutura. Txapeldunei estutua leitzarrek eman zieten, atzetik aurrerako lana eginaz. Bikain, eta ikuskizuna bizirik mantenduz.

Vicentek ere oso lan txukuna egin zuen, maila bikaina erakutsiz, beste behin ere, baina Munduko Aizkolari Azkarrenak oraingoan kale egin zion. Lehen enborrean hasi ziren australiarrarentzat arazoak. Kanporaketetan bera izaten zen 45 ontzakoa 30 segundoren bueltan ebakitzen zuena. Finalean, ordea, 44 segundora joan zen. Vicente berak azkarrago ebaki zuen, eta baita Mugertza II.ak ere. Bigarren ariketan, zutikakoan, aizkorak ihes egin eta ebaki txiki bat egin zuen O'Toolek. Dena aldrebes. 60 ontzakoa mozterakoan, ere, denborak ihes egin zion, eta horrela, esan bezala, egun aldrebesa australiarrarena.

Amaieran, irabazleen hirugarren txapela jarraian, eta Atutxa II.aren seigarrena. Aipatu behar da, merezimendu osoz irabazitako txapela izan zela. Bi adar begi tokatu izanagatik, nagusi izan ziren Atutxa II-Mugertza II.a, eta horrek erakusten du bien maila. Zalantzik gabe, zoriontzeko lana egin zuten.

Arria V.aren desafio berria

Larretxeari botatako desafioak aurrera egin ez arren, Xabier Orbegozo Arria V.ak ez du etsi, eta beste desafio bat bota du. Gaur, ostirala, Errezilgo Lete jatetxean egongo da Arria V.a, eta oraingoan, bi aizkolari azalduko zaizkio: Julen Kañamares eta Arkaitz Jauregi. Errezildarrak biei bota die desafioa: 20 kanaerdiko eta 20 kilometro korrika, hau da, zezen plazari 200 itzuli. Biren aurka jokatu nahi du apustua Arria V.ak, baina lanak ondo zehaztuta. Aurkariek jarraian hamarna enbor ebaki beharko dituzte, eta bigarren txandakoa hasiko litzateke korrika. Jauregi eta Kañamares ez daude baldintza horrekin erabat ados. Gaur jakingo da koxka horiek berdintzen dituzten edo ez. Egurrak Arria V.ak emango lituzke, baina argi dago xamurrak izango direla. Izan ere, apustuarekin batera marka jarri nahi du errezildarrak. Lan horretan marka Joxe Aierbe ataundarrak dauka, bi ordu eta bederatzi minututan. Gasteizen egin zuen lan hori Aierbek, eta aurreko marka, Txikito de Arruizena, 20 minututan hobetu zuen. Kañamares eta Jauregiri ere egur xamurrak komeni zaizkielako, hor ez dut arazo handiegirik ikusten.

Diruari dagokionez, ez da asko jokatuko. Gutxieneko bat jarria dago, 3.000 euro. Hortik sei milara bitartean egon daiteke. Desafioa hor dago. Gaur ikusiko da apustua ixten duten.

Inaxio Perurenaren marka

Asteburuan izan da beste albiste pozgarririk. Inaxio Perurenak Leitzan marka saiakera egin zuen, eta baita lortu ere. 305 kiloko harria oso garbi eta elegante jaso zuen. Poz handia. Berarentzat lasaitu ederra. Zorionak Inaxio!

Euria, elurra, hotza... baina pilotalekua bete egin zen, 300-400 pertsona. Sarrera borondatea zen. Berak esan zuen etxean baino okerrago jaso zuela, baina esan nion, «etxean bezala ez duzu plazan inoiz jasoko, hori ahaztu beharra daukazu». Egia da bigarren kolpean, petsuan, balantza egin ziola harriak eta mamuak itzuli zirela. Baina geldi-geldi beste kolpe bat eman eta lepoan garbi-garbi sartu zuen. Nire ustez hor badago gaia, eta segi egin behar du horrela, berak esan bezala, astelehenetik aurrera lan eta lan, marka berriak eta poztasun berriak ematen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!