Abenduaren 20an nafarrak nagusitu ziren, hau da, Larretxeatarrak. Orduan 20 kanaerdikotara izan zen apustua, orain, 30 bota ditu errezildarrak. Bi hilabetean, ordea, gauzak aldatu egin dira. Tolosako zezen plazako irabazleen argazkia, ez dakigu nola dagoen. Gaur Errezilera Larretxeatarrak ez baldin badira azaltzen, besteren bat azalduko delakoan nago.
Otsailaren 12an hitzordua, kanaerdikoetara desafioa eta apirilean egiteko plana, duela ez asko entzun dugu. Larretxearen ez apustuan, hain zuzen ere. Kontaketarekin hasiko naiz hasi ginen lekutik: bazkaltzen ari ginela, Patxi Larretxeak eta Leon Albeniz Iruntxiberrik nirekin hitz egin behar zutela esan zidaten.
Apustua botatzeko asmoa zutela esan zidaten, eta zehaztasun guztiak eman zizkidaten: otsailaren 12an Kantabrikon egongo zirela 20:00etatik 21:00etara, Atutxarekin jokatzeko prest zeudela, eta hark ez baldin bazuen nahi, beste edonorekin, apirilean. Bai edo bai kanaerdikoetara. 20 baldin baziren 20, eta 30 baldin baziren 30.
Iruntxiberrik eta Patxi Larretxeak eman izan dituzte azken urte luzeetan Donatoren kontuak, eta orain arte taldearen izenean eurek bota izan dituzte apustuak, Donatok sekula ez du desafiorik bota. Oraingoan, ordea, taldeko bi kidek apustua bota zuten, eta aizkolariak berak atzera egin zuen.
Harrigarria egiten zait talde batek aizkolariarekin hitz egin gabe desafioa botatzea. Benetan zer gertatu den ez dakit, baina espero dut beraien artean argitzea eta elkarrekin jarraitzea orain arte bezala.
Larretxeatarrak urte luzez gorabehera handiak ezagutu dituzte, kolpe gogorrak hartuz tartean. Talde horretan ez dut sekula pitzadurarik sumatu, eta kasu honetan ere pentsatu nahi dut dena konponduko dela, euren artean gauzak garbi azalduz eta kontraesan horiek argituz. Donato aizkolari handia da, eta Patxi eta Leon entrenatzaile eta laguntzaile handiak, historia handikoak. Talde handia egin dute orain arte, eta horrela jarrai dezatela.
Bestalde, galdetu didate Atutxari apustua une honetan botatzea ea zilegizkoa zen. Jakin badakigu bizkaitarrak eta Olasagastik urte amaierarako desafioa hitzartua zutela. Hasiera batean martxoan jokatzekoak ziren, baina igeldoarraren istripuaren ondoren, atzeratu egin zuten. Normalean euren artean errespetatu egiten da, baina hala eta guztiz ere, denetik ikusi izan dugu. Ez da denbora asko, Olasagastik Irazurekin apustua egina zuela, hilabete lehenago Arria V.arekin beste apustua egin zuela.
Harri jasotzaileetan ere horrelakoak ikusi izan ditugu. Zortzi hilabete lehenago apustua lotu eta tartean besteren bat egitea, denbora luzez geldirik ez egoteko. Atutxa eta Olasagastiren arteako martxoan jokatzekoa zen, eta ondoren luzatu zen. Hori ez da ohikoa izaten. Nik ez dut inongo okerrik ikusten orain Atutxari desafioa botatzean, apirilean egiteko asmoz, gainera. Baina iritziak iritzi dira, eta denetarikoak egongo dira.
Aizkolari munduan badira apustuez gain beste hainbat albiste. Alde batetik, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa aipatu behar da. Otsailaren 28ko finalean egongo diren bi bikote zehazturik daude: Atutxa II-Mugertza II.a eta O’ Toole-Vicente. Hirugarrena falta da. Horretarako kanporaketa bat jokatuko da igandean, Oñatin, 12:00etan. Joseba Otaegi-Lopez Azpilikueta eta Rekondo-Saralegik jokatuko dute. Irabazlea finalean egongo da.
Bestalde, otsailaren 21ean Munduko Aizkolari Azkarrenaren Txapelketa jokatuko da Tolosan. Hemengo eta hango aizkolariak lanean ikusteko aukera paregabea izango da. Baina honi buruz, hurrengo astean hitz egingo dugu. Gogoratu: asteazkenero 11:00etatik aurrera, Ataria Irratia-n.