Otaño, binakakoa eta apustuak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2016ko urt. 15a, 14:22

Aizkolari oso fina; oso txukuna. Eta benetan pena bat da. Aizkoran ikustekoa zen, begira egoteko horietakoa. Dena zuen, goran ibiltzeko, onenen artean. Zorteak ez dio lagundu, beti esan dugu hori. Horrelako aizkolaria izanda pena bat da.

Unai Otaño pertsonalki ezagutzen dut. ATARIA-ri esanak ezagutzen nituen, eta atsedenaldiaren ondoren ea zer gertatzen den. Mutil umila da Otaño, eta guretzat, herri kirolen bueltan ibiltzen garenontzat, balio handiko pertsona. Edozertarako deitu eta beti bere esku zegoen guztia egiteko prest. Zintzoa.

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketan, hirugarren jardunaldia jokatu zen aurrekoan, Urrestillan. Atutxa III.ak eta Mugertza II.ak berriro irabazi zuten, eta finalerako sailkatu dira. Lau minutuko aldea atera zien Arria V.a eta Larrañagari. Bertan izan nintzen, eta amaieran errezildarrarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Eta berak argi esan zuen denok ikusi genuena, zutikakoan, bakarka, pultsu guztia joan zitzaiola. Eta ez zuen buelta ematerik izan, inondik inora. Eta hor, denborak ihes egin zien, eta bikote batean batek huts egiten baldin badu, jai dago. Hortxe egon zen gakoa, eta horrelakoak, ziur, gehiagotan gertatuko direla.

Zutikako lana berezia da, eskuek beste lan bat egin behar izaten dute, eta horrek besoetan izaten du ondoren eragina. Ongi entrenatuta egon behar da horretarako. Eta Arria V.ari gertatu zitzaiona, aurrekoan Larretxeari gertatu zitzaion. Biak gogor aritu dira lanean azken hilabete luzeetan, etzandako enborren gainean. Orain kolpetik zutikakoa tokatu zaie, eta nabari da.

Beste aipamen bat merezi duena Mugertza II.a da. Gaztea izan arren, txapelketa hau birritan irabazi du Atutxa III.arekin. Azken hau badakigu nor den, eta nolako dohainak dituen. Baina Mugertzari ere berea eman behar zaio. 75 kiloko aizkolaria da, besteen kolperik ez duena, baina nola egiten duen aizkoran. Bikoteka oso lan polita egiten du, eta Urrestillan jendea hitz egiten aritu zen gazteaz. Egurra nola pasatzen duen ikustekoa da: zoragarria. Arrospideri behin baino gehiagotan entzun diot, hor dabiltzanen artean, erreminta hobekien erabiltzen duena Mugertza II.a dela. Zerbait bada Arrospidek hori esatea.

Txapelketak igande honetan laugarren jardunaldia izango du, Leitzan, 12:00etan. Arria V.a eta Larrañaga alde batetik, eta Rekondo-Saralegi bestetik. Irabazlea multzoko bigarren geldituko da, eta finalera sartzeko beste multzoko bigarrenaren aurka jokatu beharko dute.

Amaitzeko apustu berri baten berri eman beharra daukagu. Eneko Otaño beizamar gazteak eta Mikel Mindegiaren semeak, Migeltxok, martxoaren 20an Donezteben jokatuko dute. 3.000 euro alde bakoitzak eta egin beharreko lana: 12 kanaerdiko eta lau 60 ontzako. Migeltxo Mindegia duela 6-7 urte hasi zen aizkoran, eta orain 25 kilo gutxiagorekin dago. Hala eta guztiz ere 100 kilotik gorako 35 urteko gaztea da. Lan motzetan, oso ondo moldatzen dela erakutsi du Mindegiak. Horrelako lan batean nola moldatzen den ikusi beharko da orain.

Olasagasti eta Atutxa III.aren arteko apustuaz ere bada zer esana. Botatako diruak ez dituzte jaso, eta momentuan apustua bertan behera utzita baldin badute ere, azaroan Olasagastiren mina nola dagoen ikustekoak dira; apustua egin edo ez erabakitzeko.

Egin edo ez dagoen beste apustua Larretxeak bota duena da. 24-30 kanaerdiko erronka bota du Arantzakoak. Aitzol Atutxari zuzendu bazio ere, edonoren aurka egiteko prest agertu da Larretxea. Hori bai, baldintza ere jarri du: kanaerdikoetara bakarrik. Zenbat? Beste aldeari aukera hori zabalik utzi diote larretxeatarrek. Joaten zaiona joanda ere, ez lukeela atzera egingo esan du Donato Larretxeak. Arria V.arekin apustua jokatu berria da Arantzakoa, eta erabat gustura ez baldin bazen ere aritu lanean, irabazi egin zuen, eta orain, gogotsu dago beste apustu bat jokatzeko. Kontatuko dugu kontua nola geratzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!