Ikusmin handia

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko abe. 24a, 10:27

Argazkian, Joseba Otaegi besoak zabalik eta aizkora eskuan duela finalerdietako garaipena ospatzen

Asteburu berezia izan da. Eta gainera, dena Tolosaldearen bueltan. Denok bildu gara herri kirolaren inguruan. Euskal Herritik etorritakoak, eta apustuaren kasuan, Zaragoza, Asturias eta Segoviatik etorri direnak ere aipatu behar.

Larunbatean Diva-k oso jaialdi polita jarri zuen Apattan. 1989az geroztik ez genuen horrelakorik ikusi; harri jasotzaileak doble pisuarekin. Josetxo Urrutia nagusitu zen 74 kilorekin 150eko harria jasoz. Urtzi Telleriak 79 kilorekin 10 kilo gehiagoko harria jaso behar zuen. Hiru minutuko bi tandetan 18 jasoaldi egin zituzten biek. Leitzarra nagusi, bera hasi baitzen lanean.


Urrezko Harrijasotzaileen finalerdia ere jokatu zen Leaburun. Orain arteko kanporaketa guztietan 62 jasoalditik ez zen inor pasa. Larunbatean, hiru harrijasotzaileek lortu zuten langa hori pasatzea. Telleria IV.a eta ‘Urra’-k 63 eta Izeta II.ak 65.

 
Aizkora desafioa ere jokatu zen Divan. Egurrak ez ziren oso onak, eta gazteenari tokatu zitzaion kaxkarrena. Hala eta guztiz ere, Unai Zabala txaramarra hasi eta bukatu erritmo berdinean ondo aritu zen. Julian Larrea nagusitu zen bere 86 urterekin. Iaz Bilbon kanako enborra bota zuen honek, eta sasoiko dagoela ikusten da; 86 urterekin! Hori sasoia!


Larretxea vs. ‘Arria V’
Tolosako zezen plazan 1.600 ikusle pasatxok ordaindu zuten 40 euroko sarrera, igandean. Zalantza izaten da horrelakoetan, 35 eurotan jarri, hala 40an. Zortzi egun lehenago erabaki zuten zenbatekoa. Zortzi hilabeteko prestaketa ondoren, jakin nahiko nuke zenbateko gastua izan zuen apustu horrek.


Lagun batekin lehengoan hizketan, 40 euro asko zela esaten zidan. Baina kontuan izan behar da, hori guretzat final moduko bat dela. Urtean ez dira asko izaten, bi edo hiru. Eta kirolariak buruz buru aritzen dira elkarren aurka. Pentsa pilotako final batek zenbateko sarrera izaten duen. Horri aizkora munduan dituen gastuak gehitu behar zaizkio. Eta horiek, benetan, ikaratzeko modukoak dira. Datuak: ideia bat egiteko, kamioika egur bakoitzak gutxi gora behera 3.000 euroko kostua dauka. Apustu hau egiteko hiru bat kamioika gastatu dituzte. Gero erramientak daude. Aizkora bakoitzak 600 euro inguru balio dute, eta puskatu egiten dira. Horri gehitu masajistak, prestatzaile fisikoak...


Igandean enborrak erdibana eraman zituzten. Donatorenak oso gozoak ziren, ederrak. Arria V.ak gogorxeagoak ekarri zituen: beste egur baten lana zuten. Larretxeak bost gozoak ebaki zituenean, besteak lau gogor bota zituen.


Apustua oso gogorra izan zen; teknikoa; buruarekin lan asko egin beharrekoa... eta biak pare parean ibili ziren denbora guztian. Alde egin nahi izaten da horrelakoetan, baina ez zen horrelakorik gertatu. Lan erdietan ‘Arria V’.a aurretik zen, eta Larretxea beteta. Hamaikagarren enborrean, ordea, errezildarrari adar begia atera zitzaion, eta denbora pasa zuen enbor gozoan. Larretxeak ez zekien zergatik galdu zuen ‘Arria V’.ak denbora hori. Aurkaria bera bezela bete egin zela pentsatu zuen. Eta horrek lagunduta, bere buruari buelta ematen hasi zen. Detaileak. Benetan afizioa egiteko moduko apustua izan zen. Eta Larretxea, 55 urterekin, sasoi bete-betean dagoen aizkolariari irabazten ikusi genuen.


Desafio berriren baten abarrotsik ez zen entzun apustuaren ondoren. Nola errekuperatzen den ikusi nahiko du irabazleak. Baina Atutxaren eta Olasagastiren arteko irabazleari desafioren bat eroriko zaio.
Aizkora ofizio lana da; artisau lana. Horiek golpe gutxi failatzen dituzte, eta ematen dutena leku hobean izaten da. Ezpala txikiagotik egiten dute lana. Eta horrela mila gauza. Ez da urteen poderioa bakarrik, ez, berezkoa ere badute hauek. Erramientak prestatzerakoan, egurrak ezagutzerakoan,... batuketa bat da. Azkenean gauza asko pilatzen dira, eta plaza joaten direnean, hortxe erakusten dute.


Asteasu, pasatakoa
Santa Sousa, jatorriz brasildarra. Ousman Drame, jatorriz senegaldarra. Eta biak herri kiroletan, txinga eroaten. Asteasun ikusi genituen igandean. Santa gainera, euskara jatorrean. Larretxearen herri kirol eskolan ibiltzen da lesakarra, eta trontzan edo aizkoran bikain moldatzen da Euskal Herriko txapelduna.
Harri Handien Euskal Herriko Txapelketan, Jokin Eizmendi nagusitu zen. Hasiera hasieratik ikusi zen horrela izango zela, harri handi horiekin sarri gertatzen den moduan. Bigarren Hernialdeko Iban Ugartemendia. Duela gutxi hasi zen harrijasotzen, eta nabaritzen zaio. Baina gizon indartsua da, eta 200 kiloko harriekin horrela ibiltzeak izugarrizko merituak ditu. Harria atzeraegi botatzen du, agian, baina oso lan bikaina egiten ari da.


Asteasu, datorrena
Abenduak 31, osteguna, 17:00ak. Urrezko aizkolarien eta harrijasotzaileen txapelketen finalak jokatuko dira Asteasun. Aizkoran, Atutxa txapelduna, Azurmendi eta Otaegi zizurkildarra.


Harriarekin, Izeta II.a, faborito bezala, bere semea, Izeta IV.a, eta harri handien txapelduna, Jokin Eizmendi.


Ikusmina: handia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!