Dena Tolosaldearen bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015eko abenduaren 18a

Aurreko asteburuan Ibarra sokatiran txapeldun, 260 kilotan, Ibarran bertan. Egun berean, hau da, larunbatean, Zizurkilen Urrezko txapelketak, aizkoran eta harri jasotzen. Joseba Otaegik finalerako azken txartela lortu zuen, Lopez Azpilikuetari irabazita. Harri jasotzen, Izeta IV.a nagusitu zitzaion 'Urra'-ri Zizurkilen. Apustua galdu nuen, baina ikuskizun polita eskaini zuten harri jasotzaileek.

Eta aurreko asteburuan eskualdean herri kirol jaialdiak izan baldin baziren, datorrenari buruz zer esan.

Larunbatean Leaburuko Apatta Industrigunean Diva Pentsuak enpresak antolatuta jaialdi handia. Alde batetik, harrijasotzaileak izango dira 12:30etik aurrera. Diva Saria eta Urrezko Txapelketa. Faborito bezala, lehenengo proban, Telleria II.a eta Urrutia joko nituzke. Doble pisuarekin lanean ibiliko dira. Modu horretan jokatu zen azken txapelketa 1989an izan zen. Orduan, txapela Urtzi Telleriaren aitak irabazi zuen, Luis Mari Telleriak.

Bigarren proban, Urrezko Txapelketan, Izeta II.a, Telleria IV.a eta Urra-k ariko dira, Asteasuko finalerako azken txartelaren lehian. Faborito, Izeta II.a nere ustez.

Azkenik, aizkora desafioa. Enbor bat nork lehenago ebaki.

Igandean, alde batetik aizkora apustua 12:00etan, zezen plazan: Larretxea eta Arria V.a. 18:30ean, Asteasun, Euskal Herriko Harri Handien eta Txinga Eroate Txapelketa. Gure ordezkari bakarra Hernialdeko Ugartemendia izango da. Aizkoran, Iker Vicente ikusteko aukera egongo da Asteasun, desafio polit batean, harri jasotzaileak eta aizkolariak elkarrekin ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!