Egurrari izotza sartu zitzaion

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015eko abenduaren 11

Urte bukaera bete-betea dator herri kiroletan. Aizkoran eta harri jasotzen urrezko txapelketa jokatzen ari dira, Egur Sportek antolatuta, eta finala Asteasun izango da abenduaren 31n.

Finalisten izenak jakiten ari gara. Aizkoran, asteburuan, Asteasun egoteko txartela Aitzol Atutxak eta Iñaki Azurmendik irabazi zuten, Ruben Saralegi eta Iker Vicenteri irabazita. Lehen finalerdia Diman izan zen. Atutxak 34:15ean ebaki zituen 14 kanaerdikoak. Saralegik 3 minutu gehiago behar izan zituen. Zerainen, asteartean, Azurmendik lan bera egiteko 42:44 behar izan zituen, Iker Vicentek baino bi minutu gutxiago.

Bi finalerdietan denbora desfase handia, ikusten den bezala. Zergatik? Zerainen enborrak ez zeudelako ondo. Bezperan edo izotza sartu zitzaien egurrei, eta barrua gogor-gogor eginda jarri zituzten plazan. Horrek alde batetik ebakitzeko zailtasuna dakar, eta bestetik, aizkora onak ez erabiltzearena. Hirugarren eta azken finalerdia larunbat honetan jokatuko da Zizurkilen. Etxeko aizkolaria, Joseba Otaegi, Lopez Azpilikuetaren aurka ariko da. Faborito, niretzat, Otaegi.

Harri jasotzaileei dagokienez, Zerainen Jokin Eizmendik Beñat Telleriari bi jasoaldiko aldeaz irabazi zion. Eizmendi, beraz, Asteasuko finalean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!