Finalistak erabakitzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko abe. 4a, 08:55

Alde batetik, Iker Vicentek Olasagastiri irabazi zionez, finalerdiak jokatuko ditu. Lopezek bezala. Honek Irazu zizurkildarrari irabazi zion. Hirugarren finalerdia, Atutxak eta Saralegik jokatuko dute. Urrezko Aizkolarien Txapelketa une honetan horrela dago. Hiru finalerdi baldin badaude, hiru finalista egongo dira; Asteasun, abenduaren 31an, 17:00etan.

Lehen finalerdia Zerainen jokatuko da abenduaren 8an, asteartean. 12:00etan, Iker Vicente eta Iñaki Azurmendi hasiko dira aizkoran. 12 kanaerdiko ebaki beharko dituzte. Irabazlea, Asteasuko finalean egongo da.

Borroka handia egongo dela uste dut. Azurmendi eta Olasagasti tankerakoak dira, baina Azurmendi txapelketan baino hobeto dagoela uste dut. Aurrekoan Ormaiztegin izan nintzen, eta Arria V.ari 10 segundoko aldeaz irabazi zion Azurmendik. Erakustaldia zen, baina biak oso ondo ikusi nituen. Jende ugari elkartu ginen, eta ikuskizun oso polita eskaini zuten bi aizkolariek. Sei enborreko lana zuten; lau handi eta bi txiki. Ikusitakoak ikusita, Azurmendik Iker Vicenteri irabazteko aukerak dituela uste dut.

Urrezko aizkolariekin batera, Zegaman, Beñat Telleria gaztea eta Jokin Eizmendi Euskal Herriko Harri Handien Txapelduna egongo dira. 100 kiloko hiru harrirekin antolatutako txapelketan, finalerako txartelaren bila.

Bigarren finalerdia Zizurkilen jokatuko da, bai aizkoran eta baita harri jasotzen ere. Abenduaren 12an, larunbatez, izango da herri kirol jaialdia, 20:00etan. Aizkoran Juan Jose Lopez de Azpilikueta eta bertako Joseba Otaegi ariko dira. Nire ustez zizurkildarra izango da faboritoa. Harri jasotzen Izeta II.a eta Ostolaza ziren egotekoak, baina azken honek lesioa izan du izter atze aldean. Ordezkoa oraindik ez dakit zein izango den.

Zizurkilgo bi irabazleak, Zeraingoak bezala, Asteasuko finalean egongo dira.

Hirugarren finalerdia oraindik non eta noiz jokatuko den erabakitzeko dago. Bizkaia aldera joan daiteke. Bertan, Aitzol Atutxak eta Ruben Saralegik neurtuko dituzte indarrak. Hortik aterako da Urrezko Aizkolarien Txapelketako hirugarren finalista.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!