Urrezko txapelketak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko aza. 27a, 09:28

Bengoak Egur Sport enpresarekin Urrezko aizkolarien eta harri jasotzaileen txapelketak antolatu ditu.

Aizkoran, azken urteetan bezala, etzandako enborren gainean ariketa bakarra egiten dute, hasi eta bukatu. Harri jasotzaileak, 100 kiloko hiru harrirekin egiten dituzte euren lanak.  

Larunbatean Betelun antolatu zuten kanporaketa. Alde batetik, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza ibili ziren aizkoran. Leitzarra nagusitu zen, 10 kanaerdikotara. Ondorioz, Saralegik aurrera egin du txapelketan. 40 segundo atera zizkion leitzarrak Mugertzari. Bestetik, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Aimar Galarraga aritu ziren harri jasotzen. Izeta IV.a nagusitu zen.

Igandean, Otsagabian izan zen beste kanporaketa. Aizkoran Iker Vicente etxeko mutila eta Joxemari Olasagasti aritu ziren. Igeldoarra nagusituko zela uste nuen arren, 18 urteko Vicentek gainditu zuen kanporaketa, 23 segundoko aldeaz. 12 kanaerdiko ebaki zituzten bi aizkolariek. Kontuan hartu behar da Olasagasti egur handiekin dabilea lanean, apusturako prestatzen, eta Vicente sasoi betean dagoen aizkolaria dela, bigarren mailako eta Nafarroako lehen mailako txapelak irabazi ondoren. Otsagabiarra oso aizkolari xuxena da, 1,85eko altuerarekin eta 84 kilorekin. Otsagabian ere harri jasotzaileak lanean aritu ziren, eta Ostolazak Santxin kalean utzi zuen.


Larunbat honetan urrezko lehiaketa honetako kanporaketa berri bat jokatuko da Leitzan, Amazabal pilotalekuan. Aizkoran bertako bi mutil ariko dira: Ruben Saralegi eta Jon Rekondo. Harri jasotzen bi zarauztar: Jokin Eizmendi harri handien txapelduna, eta Iñigo Eizagirre. Herri kirol jaialdia 19:00etan hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!