Herri kirolen txanda: "Amezketan ezustekoa eta harridura "

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko aza. 19a, 08:28

2007an Joseba Ostolazak irabazi zuen Albitzuri-Aundi txapelketa

Ezustekoa izan zen Amezketan, igandean. Baina harrituta ere gelditu nintzen. Albitzuri-Aundik berriro ere bere legea jarri zuen, kirol mailan.

Gerta zitekeen, gertatu delako. Ezustekoa. Harridura, jendeak sortu zidan; harri horren inguruko historia askok ez zekitelako.


Lehen erreferentzia 1947. urtean aurkitu dut, duela 68 urte. Urriaren 19a zen, eta Amezketan txapelketa bat jarri zuten. Harri baldar bat atera zuten plazara, eta 10 minutuko saioan 10 harri-jasotzailek egin zuten saiakera. Inork ez zuen jaso. Urte berean, azaroaren 30ean, Azpeititik Errekartetxo etorri zen Amezketara, orduko harri-jasotzailerik handienetakoa. Jasoaldi bat ematea lortu zuen, baita sona ere: jaso-ezinaren fama kendu zion Albitzuri-Aundiari.


1948ko urriaren 17an, Urtain boxeolariaren aita Zestoako Arroatik bizikletaz etorri omen zen Amezketara. Bertan bazkaldu, eta arratsaldean, 4 aldiz jaso zuen harria.


Handik hiru urtera, 1951ko abuztuaren 26an, berriro ere Errekartetxo ekarri zuten. Bost aldiz jaso zuen harria. Urte bereko azaroaren 4an, bi oriotarrek, Olidenek eta Atxagak 7 eta 11 aldiz jaso zuten. Aurrekoek ez bezala, oriotarrek harria etxera eman omen zuten, plazan saiakera egin aurretik probak egiteko asmoz. Zuloren bat ere egin omen zioten harriari.


1976ko urriaren 17an, 25 urte beranduago, beste txapelketa bat jarri zuten. Etorritako inork ez zuen jaso harria. Hurrengo urtean, ordea, Iñaki Perurenak 13 aldiz jaso zuen, eta Goenatxok 5 aldiz.


Handik 10 urtera Perurenak 10 jasoaldi eman zizkion, eta Goenatxo I.ak 7. Urte berean, Urtain IV.ak, boxeolariaren anaiak 6 jasoaldi eman zizkion; Gibitegi gazte batek 4, eta Otaegi bidaniarrak 3.


Hurrengo saiakerak 12 urte beranduago etorri ziren, 1990ean. Azaroaren 4an jarri zuten txapelketa. Gibitegik eta Goenatxok 14 aldiz jaso zuten Albitzuri-Aundia. Saralegi ere Amezketan izan zen, eta 11 jasoaldi eman zizkion; Pato galiziarrak 8, eta Arabatik etorritako Gilek 5.


1996ko azaroaren 11n, Goenatxo berriro etorri zen. 15 jasoaldi eman zizkion, eta hotxe jarri zuen oraindik bizirik den marka. Saralegik 12 aldiz jaso zuen, eta Ostolazak eta Patok 10 bider. Izeta II.ak 8; Elosukorta, Landarbide eta Goikoetxeak 5; Izeta I.ak 4; neronek 3 eta Gilek 2.


Ondoren, txapelketatik kanpo bi aukera eman zaizkio Aimar Irigoieni. 2002an, 16 urte zituela, 4 aldiz jaso zuen errezildarrak. 2008an, Harri Festa baten barruan, 5 aldiz jaso zuen, baina hiru minutu eta lau segundotan. Tartean, 2007an, beste txapelketa bat jokatu zen, eta Ostolazak irabazi zuen, 11 jasoaldirekin. Goenatxok ere kopuru bera lortu zuen, baina pisu gutxiago zuenez Ostolazak, txapela berarentzat izan zen. Izeta II.ak 8; Izeta II.ak bi, eta Eizmendik bat izan ziren besteak.


Azken aurrekoa 2010ean izan zen; Ostolaza nagusi 8rekin. Igandeko txapeldunak, Telleriak, 5 jasoaldi eman zizkion, Izeta II.ak bezala. Aurtengoan gertatu dena, Tolosaldeko Atarikideentzat jakina da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!