Herri kirolen txanda: "Hitzordu ugari eskualdean"

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko aza. 13a, 11:26

Biek ez zuten bestearena hartu nahi izan. Nire ustez hori argi zuten. Ondorioz, horrelakoetan gertaten den bezala, erdi bidetik jo eta adostasunera iritsi ziren Olasagasti eta Atutxa. Asteazkenean itxi zuten apustua Tolosako Kantabrikon. 

Gipuzkoarrak egur handiak nahi zituen, eta bizkaitarrak kanaerdikoak. Azkenean, lehenak 6 oinbiko emango ditu eta bigarrenak 14 kanaerdiko. Diruarena argi zegoen. Aurreko apustu saiakeran, itxi ez zuten hartan, 6.000 euro baino gehiago izan beharko zuela esan zuten, eta 10.000z hitz egin zuten. Oraingoan hori erabaki dute.

Paperean apustua Atutxak irabazteko modukoa da; baina apustu bat da. 30 kanaerdiko lana da; lan luzea; ikusi beharko da. Olasagasti horren bila joan zen, 12 oinbiko aipatuz. Lan motzetan argi dago Atutxa nagusi dela. Igeldoarraren abantaila bezala ikusten da lana, baina, askotan norberaren abantaila aurkako bilakatzen da.  

Euskal Herriko Txapelketako finalari begira jarrita, Olasagastik ia denekin jokatu du apustua, eta irabazle atera da. Atutxaren aurka jokatu nahi zuen oraingoan, txapelduna delako eta denagatik.

Otsailaren 13an edo 14an izango da. Prestaketarako hiru hilabete geratzen dira. Neguan bada beste txapelketa bat, Urrezko Aizkorarena. Txapelketa horretan biak egongo direla esan dute. Finala abenduaren 31n jokatuko da, Asteasun. Tokatu leike, beraz, biak edo bieta bat finalean izatea.

Aurtengoan, Bengoak antolatzen duen Urrezko Aizkora Txapelketa oso desberdina izango da. Lehen bost modalitatetan aritzen ziren aizkolariak; orain, bakarrera pasa da.

Kanporaketak zortzi kanaerdikotara izango dira, eta finala hamaseira. Amaitu dira zutikakoak, kolpekakoak... dena. Aizkolariek hori eskatzen zuten. Nazabalek, adibidez, beti esaten zuen aurreko modua ez zela ona. Aizkolariak puntuan jartzerako lesioak izaten zituen. Gero, apusturen bat jokatu behar baldin bazuen, txapelketari uko egiten zion. Bengoa ez da tontoa, eta egokitu egin da. Horrez gain, harri jasotzaileak ere sartu ditu multzo horretan. Eurentzat ere txapelketa jarri du, aizkolariekin batera. 100 kiloko hiru harrirekin ariko dira harri jasotzaileak. Kopa, errektangularra eta zilindroa jaso beharko dituzte. Bost minutuko lana izango da, eta jasoaldi gehien egiten dituenak aurrera jarraituko du. Berdinketa ematen bada, aurrena aritu den harri jasotzaileak egingo luke aurrera.

Bi txapelketa horien finalak, abenduaren 31n, Asteasun izango dira.

Txapelketak martxan dira. Larunbat honetan, Urrestillako pilotalekuan, Joseba Otaegi eta Mikel Larrañaga aizkolariak ariko dira. Harri jasotzen, Guzta eta Izagirre. 22:00etan izango da jaialdia.

Albitzuri-Aundi Harria, etzi
Amezketan harri jasotzaile lehia antolatu dute igandean. Albitzuri Aundi Harria jasotzen sei harri jasotzaile ariko dira, 17:00etatik aurrera. Iban Ugartemendia hernialdearra bertan egongo da. Berarekin batera, Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Urtzi Telleria, Aimar Galarraga eta Hodei Iruretagoiena ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!