Bigarren posturako hiru aizkolariren lehia aurreikusten genuen, baina Jexuxmari Mujika hasieratik atzean gelditu zen. Ibartarrak ez zuen bere mailarik eman, inondik ere ez. Vicentek lanak 21 minutu eta 47 segundoan amaitu baldin bazituen, ibartarra 28 minutuan ibili zen. Ondorioz, Txapartegi eta Saralegiren arteko lehia gelditzen zen. Ezustekoa Mugertzak eman zuen. Inork ez zuen espero bere erakustaldia, eta bigarren postua ez zuen urruti izan. Azkenean, Ruben Saralegi geratu zen bigarren, lau kolpera Txapartegi izan zen hirugarrena, eta Mugertza laugarrena. Seigarren, Arkaitz Jauregi Arabako txapelduna gelditu zen.
Lehen mailarako txartela, ondorioz, Iker Vicentek eta 24 urte dituen Ruben Saralegik lortu zuten. Aizkora bizi-bizirik dagoen seinale. Etorkizun oparoa eta ilusioa sortzen du. Eta Iker Vicenteren inguruan zer? Bilakaera honekin jarraitzen baldin badu, hurrengo urtean agian ez, baina hemendik bi urtera Euskal Herriko txapeldun izan daitekeela: argi!
Bestalde, Amezketan azaroaren 15ean harri jasotzaile proba antolatu dutela esan behar da. Albitzuri-Haundi harriarekin, berriro ere, harri jasotzaileak plazara irtengo dira. 10 minutuko txandan aritzeko izena sei harri jasotzailek eman dute. Harri oso berezia da. 1996an jasotzeko aukera izan nuen, eta esan dezaket, nire ibilbideko lorpenik handietakoa bezala gogoratzen dudala.
Azaroaren 15ean, Aimar Irigoien eta Jokin Eizmendi egungo Harri Handien txapelduna izango dira faboritoak. Errezildarrarekin eta zarauztarrarekin batera, Iban Ugartemendia hernialdearra ere tartean izango da. Beste hiru harri jasotzaileak Urtzi Telleria, Aimar Galarraga eta Hodei Iruretagoiena, 'Izeta IV'.a, izango dira.
Albitzuri Haundirekin marka Goienatxok dauka, 15 jasoaldirekin. Irigoienek 16 urte zituela lau aldiz jaso zuen. Ez da harri erraza, eta harri jasotzaile handiena ere jasoaldirik gabe geratu izan da Amezketan.