"Aizkora sasoia"

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko urr. 29a, 09:52

Zorionez aizkora osasuntsu dago. Udan txapelketetako kanporaketak jokatu ondoren, negu partean finalak jokatzen dira; hiru mailatakoak.

Basaurin, Pilarika Egunean, Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa jokatu zen. Aitzol Atutxa faboritoak irabazi zuen. Bigarren Jon Irazu zizurkildarra geratu zen, ezustekoa emanaz. Lan ona egin zuen Irazuk. Ongi moldatzen da horrelako lan luzeetan zizurkildarra. Azken finaletan ez zuen bere lana egin, edo ez zuen aurrean sartzeko modurik izan, baina aurten, hor sartu zen, eta bigarren postua lortu zuen. Hirugarren, Olasagasti geratu zen. Beste ezustekoa. 56 urterekin, kanporaketan juxtu antzera ibili arren, igeldoarra berak esaten duen bezala podium-ean sartu zen. Horrelako hitzorduetarako eta apustuetarako preparatzen badakiela erakutsi zuen beste behin ere Olasagastik. Tolosaldeko beste ordezkaria, Joseba Otaegi, seigarren sailkatu zen. Azkena izan arren, final batez hitz egiten ari garela ez da ahaztu behar; eta sei onenen artean seigarren egitea ez da itsura txarra ematea. Zizurkildarrak finalean sartzeko gaitasuna erakutsi zuen, eta zerbait eskatzekotan, finaletan pixka bat hobetu beharra izan daiteke. Baina onenen artean dago, zalantzik gabe.


Iragan larunbatean, hilaren 24an, Azkoitian Hirugarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zen. Faborito argiak irabazi zuen, Arria V.ak. Berriro ere aurten hasi da errezildarra txapelketetan parte hartzen, eta behe behetik hastea tokatu zaio. Orain, goraka joan beharra dauka. Baina, egun, argi dago lehen mailako aizkolaria dela.


Hirukoa osatzeko, Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa jokatzea falta da. Ostiral honetan, hilaren 30ean, jokatuko da finala Elizondon. Feria egiten dute egun horretan, eta aizkolariak 12:00etan hasiko dira lanean. Ikusmin handia piztu duen finala da. Faboritoa, 18 urteko Iker Vicente izango da. Lehen Mailako Nafarroako Txapelketa irabazi ondoren, zeresan handia eman du Otsagabiako gazteak. Esan, Elizondoko lehen biak hurrengo urtean lehen mailan ariko direla. Bigarren postu horretarako faboritoetako bat Jexuxmari Mujika ibartarra izango da. Lehen mailatik jaitsi egin zen Mujika, baina finalean sartu eta igotzeko txartelaren lehian ibiliko da ostiral honetan. Postu horren bila, berarekin jaitsitako Luis Txapartegi dago. Bi horien artean egon daiteke bigarren postua, baina Ruben Saralegi ere ez da ahaztu behar. Leitzarra ez omen dago sasoiko, baina finaletan maila polita ematen dakien aizkolaria denez, kontuz. Lau horiekin batera, Aratz Mugertza eta Arkaitz Jauregi izango dira Elizondon.  


Txapelketen ondoren apustuak etorriko dira. Eta Olasagastik desafioa bota berri du. Azaroaren 11n, asteazkenean, igeldoarra Tolosako Kantabriko Tabernara joango da, 19:00etan. Bertan, Aitzol Atutxa txapeldunaren zain egongo da 20:00ak arte. Egin beharreko lana: hamabi oinbiko. Bizkaitarra agertuko ez balitz, 20:00etatik aurrera edonork azaltzeko aukera izango luke.


Nik uste, Atutxa azaldu egingo dela. Horreraino esango det. Txapelduna azaltzen bada eta apustua gauzatzen bada, bere lehen apustua izango litzateke. Paperaren gainean kolorerik gabeko apustua izango litzateke, Atutxa beste maila batean dagoelako une honetan, baina Olasagasti azken hiru apustuak irabazita dago, eta aurrekoetan ere beti zen bere aurkako kontua, baino azkenean, igeldoarra nagusi. Lehen esan bezala, hitzordu hauetarako ongi prestatzen da.


Beste apustua abenduaren 20an jokatuko da Tolosan, Arria V.a eta Donato Larretxearen artean, 20 kanaerdikotara. Egun horretan bertan, arratsaldez, Asteasun Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa jokatuko dela baieztatu digute. Aurrez, azaroaren 15ean, Amezketan izango da harri jasotzaile proba. Urte batzuren ondoren, berriro ere Albizuri Handiaren Txapelketa antolatu dute, eta 5-6 harri jasotzailek izena emana dute.


Hurrengo astean herri kirol kontu gehiago. Asteazkenean Ataria Irratian 11:00etatik 12:00etarako tartean, eta ostegunean Tolosaldeko Ataria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!