HKK malariaren aurka erabiltzen den sendagaia da. Beste gaixotasun batzuk tratatzeko ere erabiltzen da, esaterako, artritis kasu batzuk eta lupusa, baina, orain arte, malaria tratatzeko eta prebenitzeko erabili da gehien bat. Zein da, bada, COVID-19arekin duen lotura? Hain zuzen ere, SARS-CoV-2ak eragindako gaixotasunaren hasiera aldian, ez zen ezagutzen zein izan zitekeen gaixotasunari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Egoera larri horren aurrean, lehen irtenbidea ordura arte ezagutzen genituen sendagaiak erabiltzea izan zen. Antzeko sintomak edo mekanismoak dituzten gaixotasunak tratatzeko erabiltzen diren sendagaiek, agian, COVID-19aren aurka zerbait egin zezaketen. HKK hautagaietako bat izan zen. Hasieratik eztabaida egon zen hidroxiklorokinarekin: Didier Raoult birologo frantsesak gaixotasunaren hobekuntza ikusi zuela jakinarazi zuen, baina, zientzialari askok hainbat akats metodologiko egotzi zizkioten ikerketari. Hala ere, besterik ez zegoenez, zenbait lekutan HKK erabiltzen hasi ziren COVID-19a tratatzeko.
Eztabaida pil-pilean zegoen bitartean, maiatzaren 22an The Lancet zientzia-aldizkari entzutetsuak ikerketa baten emaitzak argitaratu zituen. Ikerketa ordura arte egindakoak baino handiagoa zen 671 ospitaletako ia 100.000 gaixo aztertu zituztelako. Haien emaitzen arabera, hidroxiklorokinak ez zien onurarik ekartzen gaixoei. Are gehiago, hilkortasuna handitzen zuela jakinarazi zuten. Emaitza larri horien aurrean, Osasunaren Mundu Erakundeak proba klinikoak bertan behera utzi zituen hainbat gobernuk HKK erabiltzen jarraitzea berriz hausnartzen hasi ziren.
The Lancet-eko artikulua argitaratu eta gutxira, ordea, eztabaida handitu zen. Mundu guztiko zientzialariek zalantzan jarri zituzten ikerketaren ondorioak eta datuen jatorria ezagutu nahi izan zuten. Une batean, zientzia-aldizkariak berak ikerketaren egileei jakinarazi zien ikerketaren berrikuspena egingo zela eta horretarako jatorrizko datuak eskatu zituzten. Ikerketaren egileek adierazi zutenez, datu horiek ezin zituzten eman; izan ere, konfidentzialtasun akordioak zituzten gaixoekin. Datu horiek ezin zirenez berrikusi, The Lancetaldizkariak esandakoa zuzendu zuen artikulua balio gabe utziz.
Horrek ez du esan nahi HKK eraginkorra dela COVID-19aren aurka, noski. Esan nahi duena da ikerketa hori ez zela egokia eta, hortaz, bere ondorioak ezin direla ontzat eman. Hortaz, HKK erabiltzea gomendagarria den edo ez oraindik ez dakigu. Goizegi da hori jakiteko, baina, hainbat ikerketa martxan daude. Guzti honek zientziaren behin-behinekotasuna agerian utzi du eta hori ez da txarra. Zientzialariek akatsak eta iruzurrak egin ditzakete, baina, zientziak berak baditu tresnak hori zuzentzeko. Horrexegatik, ezagutza zientifikoa aldakorra delako horrelakoa izan behar du Zientziaren Talaiatik behatzen jarraituko dugu. Irailean gehiago!