Kafeinatan blai

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2019ko urt. 27a, 08:57

Urte berriarekin batera, iritsi da garaia, Zientziaren Talaian orain arte aztertu ez dugun edarian lupa jartzeko: kafea. Kafearen usaina gozagarria da eta, haren zaporea, are gozagarriagoa. Zenbaitetan, hala ere, kafea ez da plazeragatik bakarrik edaten. Kafeak badu gure nerbio-sistema asaldatzeko gai den konposatu kimikoa: kafeina.

Kafeina, edo 1,3,5-trimetilxantina, nekea eta logalea murrizteko gai den substantzia estimulatzailea da. Xantinak konposatu kimikoen familia bat dira eta, besteak beste, teobrominak, teofilinak eta kafeinak osatzen dute familia hori. Alkaloideak dira, fisiologikoki aktiboak direnak. Kafeinaren kasuan, xantina molekulari hiru karbono adarkadura lotuz eratutako molekula da, kafe aleetan aurkitzen duguna. Kafeinak zenbait lan mota egiteko gaitasuna handitzen du eta, neurrian hartuta, nekeari aurre egiteko baliagarria da. Kafea hartu eta 15-45 bat minutuan iristen da, odolean kontzentraziorik handiena izatera; hortik aurrera, pixkana, murrizten doa. Gutxi gorabehera, hiru orduan, kafeina kontzentrazioa erdira jaisten da berriro.

Kafeinaren jarduera fisiologikoa adenosina seinaleak blokeatzean oinarritzen da. Adenosina gure zelulen energia-iturri garrantzitsuenaren albo-produktua da, alegia, adenosin trifosfatoarena. Adenosinak neuronen kitzikapen-maila moteltzen du, alegia, neuronak lasaitzen ditu. Beste modu batera azalduta, adenosinak sinapsi deritzen neuronen arteko komunikazioa moteltzen du. Kafeina adenosinaren imitatzaile kimikoki, antagonista bat dela esan daiteke. Adenosina imitatzen duenez, kafeina haren lekuan kokatzen da eta, hortaz, adenosinak ezin du bere lana bete. Ondorioz, sinapsi edo neuronen arteko komunikazioa ez da moteltzen, eta guk logale eta neke gutxiago dugula sentitzen dugu. Horixe da kafeinaren akzio-mekanismoa.

Kafeinak ondorio kaltegarriak ditu, kantitate handitan hartzen bada. Alde batetik, kafeina kontsumoak loaren kalitatea oker dezake, hau da: egunero kafeina hartzen bada, nekea eta logalea murrizteko, pixkana kafeina kantitate gehiago beharko da, efektu bera lortzeko. Azkenean, lo gaudenean, ez dugu ondo atseden hartuko. Bestalde, kafeina kafea ez den bidetik ere har daiteke. Egun, gero eta arruntagoak dira edari energetikoak batez ere, gazte eta nerabeen artean, eta kafeina kantitate izugarriak dituzte. Edari horiek oso arriskutsuak dira eta, dagoeneko, zenbait gazte hil dira edari energetikoen neurrigabeko kontsumoaren ondorioz. Esaterako, joan den urtarrilaren 1ean, Murtzian gizon bat hil zen, edari energetiko baten bi lata eta ron botila bat jarraian edateagatik. Kasu horretan, heriotza ron botilak bakarrik azal dezake, kasu askotan alkoholak nerbio-sistema moteltzen du eta; horren ondorioz, edateari uzten zaio. Alabaina, edari energetikoek duten kafeina dosi izugarriak eragin dezake neke hori ez sentitzea, eta alkohola edaten jarraitzea. Edari energetikoek, gainera, ez dute ezer onik. 500 ml-ko lata batek 160 bat mg kafeina ditu bi latarekin egunean kontsumi daitekeen kafeina kantitatea gaindituko genuke. Hori gutxi balitz, lata bakar batek hirukoiztu egiten du, egun batean kontsumitzea gomendatutako azukrea hogeita hamar bat azukre koxkor.

Horrexegatik guztiagatik, beharrezkoa da kontsumitzaileek zehatz mehatz ezagutzea, zein den edari bakoitzaren azukre eta kafeina edukia; bestela, nahi ez ditugun kopuruak hartzeko arriskua dugu. Kafeina eta kafea neurriz hartu behar dira haien efektu desiragarriak lortzeko, baina, neurrigabe hartzen badira, kaltegarriak izaten hasiko dira. Beste aukera, kafeinarik gabeko kafera jotzea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!