Zertan da berdina beltzaran jartzea eta xerra bat frijitzea?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2018ko uzt. 21a, 10:59

Udako berotasunean murgilduta egon beharko genukeen honetan, eguzkipean belzten diren irakurleei zuzenduko naiz gaur. Eguzkiaren onena itzala dela uste duen honek eguzkipean beltzaran jartzen zaretenoi azalduko dizue zergatik jartzen zareten beltz.

Eguzkirik ez dagoenean, gainera, bada beltzaran jartzeko kremak erabiltzeko aukera eskerrak!. Paradoxikoki, krema horien funtzionamenduak eta zartaginean erretako xerrak badu loturatik.

Lainoen atzean egon ohi den astroak une oro argi-izpiak bidaltzen dizkigu Lurrera, erradiazio ultramorea tarteko. Izpi ultramore horiek hirutan sailkatzen dira: UV-A, UV-B eta UV-C. UV-C arriskutsuenak dira, baina, zorionez, ozono geruzak xurgatzen ditu eta kantitate txikian iristen zaizkigu. UV-A motakoen arriskua txikiena da eta, nagusiki, azalaren zahartzea eta zimurrak eragiten dituzte. UV-B dira gehien iristen zaizkigunetatik kaltegarrienak; izan ere, azaleko zelulen DNAren egitura apurtzeko gai dira eta horrek minbiziak eragin ditzake neurri txikiagoan, UV-A izpiak ere minbiziarekin lotuta daude. Horri aurre egiteko mekanismo naturalak ditugu: azaleko melanozitoek melanina pigmentua sintetizatzen dute erradiazio ultramoreari aurre egiteko. Eguzkipean zenbat eta denbora gehiago pasa, gorputzaren erantzuna melanina gehiago ekoiztea da, babes-neurri moduan. Melanina kolore ilunekoa denez, azala belztu egiten da, pixkanaka, DNAk jasango dituen kalteak murrizteko asmoz. UV-A eta UV-B izpiei aurre egiteko eguzki-kremek hainbat konposatu kimiko dituzte, ultramore-iragazki izenekoak, eta erradiazio ultramorea azalera iristea saihesten dute. Horrek, ordea, azalaren kolorea zuri nuklearrean mantenduko du eta ez dugu minbizi-kolore beltz eder hori izango. Hori lortzeko azaleko zelulen DNA izorratu behar dela? Niri bost!

Beltzaran-kolorea hartzeko prozesua eguzkiak aktibatzen du, baina, erradiazio ultramore artifizialak ere aktiba dezake, solariumetan egiten den moduan. Alabaina, biologiaren ikuspuntutik, azalak sufritu egiten du belzten den bitartean. Alde batetik, UV-A erradiazioak estres oxidatzailea eragiten du zeluletan eta melanina ilundu egiten da eguzkia hartu eta berehala kolorea aldatzen zaigunean. Bestetik, UV-B erradiazioa zeluletako DNA kaltetzen hasten da eta pirimidina dimeroak agertzen dira, eta horrekin batera zelula erne jarri eta melanina gehiago ekoizten hasten da. Bigarren prozesu hori motelagoa da eta 2-3 egun igaro behar dira beltzaran-kolorea antzemateko. UV-Bk eragindako kolorea, ordea, iraunkorragoa da eta asteak edo hilabeteak iraun ditzake.

Azken aukera, eguzkia hartu gabe beltzaran jartzea da. Horretarako, beltzarantzeko kremak edo lozioak erabil daitezke. Krema horietako askoren oinarria dihidroxiazetona, DHA, da. DHAk azalean ditugun hildako zelulen aminoazidoekin erreakzionatzen du, melanoidinak sortuz. Melanoidinen kolorea melaninaren antzekoa da eta, hortaz, eguzkipean belztearen antzeko kolorea izango du azalak. Horrekin kontuz ibili behar da; izan ere, DHAk belztutako azalak ez du babesik ematen izpi ultramoreen aurka eta, gainera, krema eman eta hurrengo egunetan azalaren ultramorearekiko sentikortasuna asko handitzen da. Nolanahi ere, melanoidinen sintesia Maillard erreakzioen bidez gertatzen dela, hau da, haragia edo patatak oliotan frijitzean gertatzen diren erreakzio berak xerra horrela jartzen da beltza. Hortaz, nolabait, kremak azala belzten digu zartaginean jarritako haragi zati errea bailitzan... kimikaren paradoxak.

Tira, bada, eta horrela, Maillard erreakzioetara iritsita, ikasturte honetako zikloa ixten dut Zientziaren Talaian. Irailean izango ditugu beste hamaika kontu.

Uda ona izan irakurle!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!