Emakumeak zientzian: errealitateak eta paradoxak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2018ko eka. 30a, 11:32

Zientziaren hainbat arloetan emakume gutxiegi dago. Ez dago argi zein den arrazoia, baina, jakin badakigu egiten diren ahaleginak ez direla nahikoak. Ziur asko saiakerak ez dira egokiak, baina, kontua da genero diferentzia handia dagoela zientzia akademikoan.

Hori frogatzeko asmoz, Yaleko Unibertsitateko Moss-Racusin eta bere lankideek zientzia fakultateetara curriculum bera bidali zuten, baina, zoriz, batzuetan emakume izena jarri zuten eta beste batzuetan gizon batena. Nork jaso zituen baiezko gehiago? Nori eskaini zioten diru gehiago?

Zientzian emakume gutxiago egotearen arrazoiak aztertzeko, AEBetako 127 zientzia fakultatetara pertsona baten curriculuma bidali zuten, baina, kasu batzuetan emakume batek sinatzen zuen Jennifer eta beste kasu batzuetan aldiz, gizon batek John. Fakultate guztiek informazio bera jaso zuten curriculumari dagokionez, alegia, desberdintasun bakarra lan eskatzailearen generoa zen. Kasu guztietan, gizonezkoaren curriculumak puntuaketa hobea jaso zuen eta, harrigarriena dena, aukeraketa egin behar zuena emakumezkoa zenean emakumearen curriculumak are eta puntuaketa okerragoa lortzen zuen. Soldatari dagokionez, emakumeari 27.000 dolar eskaintzen zizkioten batez beste eta gizonari, aldiz, 30.000 dolar. Lan berbera postu berberean egiteagatik.

Bestalde, jakina da neskek eta emakumeek espero daitekeena baino gutxiago aukeratzen dituztela zientziaren inguruko unibertsitate-ikasketak. Ziur asko, genero desberdintasunek eragina dute, baina, horretaz gainera, zientziaren maila gorenetan dauden emakumeak behar baino gutxiago izatearen arrazoietako bat hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxan egon daiteke. Paradoxa hori Missouriko Unibertsitateko ikerketa baten ondorioa izan da, duela gutxi ezagutzera eman dena. Ikerketan 67 herrialdetako 475.000 neraberen datuak aztertu dituzte eta analisi sakona egin dute hainbat aldagai kontuan hartuz. Aurkitu duten paradoxa hauxe da: herrialde bateko genero berdintasuna zenbat eta altuagoa izan, zientzia eta teknologiaren arloan emakume eta gizonen arteko alde handiagoa dago unibertsitate graduazioetan.

Adibide gisa: STEM arloko graduazioetan zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika Finlandia da mundu mailan gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena duena. Suedian eta Noruegan ere antzeko joera dago. Paradoxikoki, herrialde horiek dira berdintasun maila altuena dutenak eta, aldiz, Turkian, Tunisian edo Aljerian STEM arloetan emakume gehiago graduatzen dira. Joera horiek mundu mailan errepikatzen direla ikusi da Missouriko Unibertsitateko ikerketan eta hori da genero berdintasunaren paradoxa deiturikoa. Ikertzaileek azaldu dutenez, paradoxaren azalpena herrialdearen egoera ekonomikoan eta ongizate-mailan dago. Berdinzaleagoak diren herrialdeak aberatsagoak dira eta arrisku ekonomikoak murritzagoak dira. Testuinguru horretan, biztanleriak segurtasun handiagoa du eta etorkizun oparoagoa eskain dezaketen STEM alorreko ikasketak ez dira hain erakargarriak. Gainera, neskek ez dute zientzia eta teknologia haien indargune bezala ikusten, nahiz eta mutilen gaitasun berak dituzten zientziarako. Ondorioz, testuinguru ekonomiko erosoan neskek ez dute zientziara jotzen.

Datuek hori erakusten dute eta hortik aurrera eztabaida irekita dago. Joera horiek arazo bat al dira? Nola erakarri emakumeak zientzia eta teknologiaren alorretara? Paradoxari emandako azalpena zuzena al da? Tira, bada, ene irakurle oraingoan galdera asko erantzunik gabe geratzen dira, baina, paradoxak paradoxa, errealitatea zein den ez dugu ahaztu behar, dena lotuta dago eta. Galde iezaiozu Jenniferri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!