Patata frijituen kasuan, akrilamida delako konposatu minbizi-sortzailea kontrolatzeko araudi berria indarrean jarri zen apirilaren 11n. Edari alkoholdunen kasuan, ardoa eta garagardoa osasungarriak direla pentsatzea mito hutsa dela berretsi da.
Akrilamida almidoia duten eta beroketa prozesuak jasan dituzten elikagai gehienetan aurki daiteke. Oro har, 120 ºC-tik gorako tenperaturan egon diren jakietan agertzen da —oliotan frijitutako edo labean erretako elikagaietan, esaterako—. Aspalditik ezaguna denez, akrilamidak minbizia eragin dezake eta MOE Munduko Osasun Erakundearen menpekoa den Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziaren arriskuaren eskalako 2A mailan dago. Horrek esan nahi du gizakiontzat minbizi-sortzaile probablea dela eta, bai, patata frijituetan eta beste hainbat elikagaitan aurki daiteke. Oro har, kolore arrea duten jakietan akrilamida egoten da: patata frijituak, ogia, gosarirako zerealak, kafea, gailetak eta opilak, besteak beste.
Akrilamidak minbizia eragin dezakeenez, Europar Batasunak esku hartzea erabaki du eta akrilamida duten elikagaietan haren kantitatea murrizteko gomendioak eta gomendatutako muga kontzentrazioak ezarri ditu. Pataten kasuan, almidoia eta asparagina aminoazidoaren kontzentrazioak altuak direnez, akrilamida kantitate garrantzitsuak sortzen dira. Hain zuzen ere, helduen akrilamida esposizioaren %49 patata eta patataren deribatuei zor zaio —bigarren postuan, %34arekin, kafea genuke—.
Pil-pilean egon den beste gaia edari alkoholdunen kontsumoa izan da. Duela urte pare bat Zientziaren Talaian bertan esan nuen, Larunbat gauetarako kimika artikuluan, ez dagoela gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik. Duela gutxi ikerketa sakon batek horixe berretsi du. Hain zuzen ere, gehiegizko alkohol kontsumoa hainbat minbizi motekin lotuta dagoela hori inork ez du zalantzan jartzen, baina, neurrizko alkohol kontsumoa ere minbiziekin lotuta dagoela —hestegorriko minbizia izateko probabilitatea bikoiztu egiten da alkohol gutxi kontsumituta ere—. Ikerketen arabera, beraz, ez dago gomendatutako alkohol kontsumorik eta, oro har, alkohol kontsumoa heriotza goiztiarrarekin lotzen da, edandako kantitatea edozein dela ere.
Ikerketa madarikatuak! Ez al geunden hobeto, ene irakurle, ikerketa horien berri ez genuenean? Zer egin dezakegu horren aurrean? Tamalez, patata frijituen akrilamida kantitatea murrizteko prozesaketa moduak aldatu behar dira. Horrek esan nahi du patatak tenperatura baxuagoan frijitu behar direla eta uretan murgildu behar direla gutxienez bi orduz frijitu aurretik. Horrekin akrilamida kantitatea murriztuko da, bai, baina patatak bigunak eta horiak egongo dira, arretze punturik gabe. Garagardoaren eta ardoaren kasuan ere albisteak ez dira hobeak. Edozein alkohol kontsumo osasunarentzat kaltegarria da, eta hortaz, ezin esan dezakegu baso bat ardo edatea bihotzarentzat ona dela. Hau zorigaitza!