Horixe da zientziaren gakoa. Zientzialariok, alabaina, badugu gure ideiak hutsik gabekoak direla sinesteko mania. Horrek zientziaren autoritatearen jabe garela pentsatzera eraman gaitzake eta gaur konfesatzera nator. Nik ere huts egin izan dut.
Zientziari buruz ezer ez dakizun gizagaixo hori. Lasai, salbu zara. Ez kezkatu. Nik gaia menderatzen dut eta zuri azalduko dizut, inozoa bazina bezala, Unibertsoak nola funtzionatzen duen. Iritsi da zientzialaria zuri azalpenak ematera. Entzun, irakurri, eta bukatutakoan txalo egin. Zientzian eta zientzia dibulgatzean, badago kutsu horrekin idazteko ohiturarik eta, joera hori gutxitzen ari bada ere, oraindik badago egiteko lana. Zientzialariok oso kritikoak izan behar dugu zientziarekin eta zientzia transmititzeko dugun moduarekin. Ez gara hutsik gabekoak eta inor ez da zientziaren autoritatearen jabe. Zientziak ez dauka inpunitaterik eta guztia kritikagarria da, eta kritikatu egin behar da. Ebidentzia zientifikoak guztiz objektiboak direla pentsatzea ez da zuzena. Ikerketak hainbat modutara egin daitezke baita modu okerretan ere, eta behaketak modu ezin hobean eginda ere, behaketen interpretazioa subjektiboa da.
Zientzia, erlijioa bezala, fedean oinarritzen da. Guztiak azalpena duela sinesteko fedea, arazo guztiek soluzioa dutela sinesteko fedea. Hala ere, eta hau askotan ahaztu egiten zaigu zientzialarioi: ez dago ebidentzia bat bera ere Unibertsoa guztiz ulergarria dela pentsatzeko. Agian arazo askoren soluzioa ez dugu inoiz aurkituko, baina, baliteke beste arazo batzuek, besterik gabe, azalpenik ez izatea. Horrek ezin du izan, jakina, edozein sinesmen zabaltzen uzteko arrazoia, baina, bai, iritzi aniztasuna onartzeko arrazoia.
Horrek ez du zalantzan jarri behar zientziaren prozedura eta metodo zientifikoa. Edozein arlotan bezala, zientzian ere praxi okerreko jokabideak daude. Faltsutu diren ikerketak daude, eta baita interes ekonomikoagatik egiten diren ikerketak. Horregatik zientziak dioena ere kritikagarria da eta ikerketa baten emaitzak zalantzan jarri behar dira beti. Hori bai, zientziari zientziarekin egin behar zaio aurre eta ez sasi-zientziaren atzaparretan eroriz. Zientziari esker mundua hobeto ulertzen dugu eta zientziak hitz egin behar du, baina, horrek ez du esan nahi zientzialariok okerrik egiten ez dugunik. Asko dugu ikasteko oraindik.
Nik neuk konfesatzen dut errazago kritikatzen ditudala gauza batzuk beste batzuk baino. Konfesatzen dut nire zenbait testutan kritikagarria den kutsu paternalista aurki daitekeela. Saiatzen naiz hori ez egiten. Saiatuko naiz zientzia modurik gardenenean dibulgatzen; izan ere, zientzia horixe da: gardentasuna.
Zientziaren ebidentziak erakutsi egin behar dira eta ez da ezer sinetsi behar honakok edo halakok esan duelako. Zientzian, autoritatearen argudioa falazia bat bestetik ez da. Interpretazioak zuzenak izan daitezke Agamenonek esan edo haren txerrizainak, beraz, egin zaitezte zuek ere zientziaren parte eta begi klinikoz kritikatu eta aztertu baieztapen oro. Akatsak aitortuta lasaiago geratu naizelakoan, orain zuen esku uzten dut penitentzia ezartzea; izan ere, zuek gabe Zientziaren Talaia ez da ezer.