Garunari esker, mundua eraikitzen dugu. Garunari esker, mundua sentitzen dugu. Zentzumenetatik jasotako informazio guztia garunean prozesatzen da, eta prozesaketa hori gabe, ezinezkoa litzateke ondoan duguna hautematea. Elkarlotutako hainbat prozesuren emaitza da munduarekiko dugun pertzeptzioa eta guztia garunari esker gertatzen da. Sentimenduak berak ere garunean sortzen dira. Maitasuna eta gorrotoa, poza eta pena... badute, noski, zati subjektibo eta irrazionala zientziak azaldu ezin duena, baina, beste neurri handi batean, garunaren aginduz askatutako konposatu kimikoen ondorioz sentitzen dugu sentitzen duguna.
Garunik gabe ezerk ez dauka zentzua. 85.000 milioi neuronaz osatutako organo hori gabe ez gara ezer. Gu-aren zati handiena garuneko neuronen arteko loturetan dago. Garuna gurekin batera aldatzen da; izan ere, gure portaeraren eta bizimoduaren arabera, garunaren egitura neuronalak aldatu egiten dira. Modu erraz batean esanez, ekintza jakin bat errepikatzen dugunean, ekintza hori egiteko erabili diren neuronen arteko loturak sendotu egiten dira, kate sendoagoak osatuz. Katea zenbat eta sendoagoa izan, errazagoa izango da hurrengo batean ekintza bera errepikatzea. Antzera, pentsatzen gaudenean garunean aldaketa fisiologikoak gertatzen dira eta neurona-kateak malguagoak egiten dira neuroplastikotasuna.
Garuna egunero berritzen da, eta neurona berriak ekoizten ditugu hil direnak ordezkatzeko neurogenesia. Gutxi gorabehera, egunero 1.400 neurona berri ditugu, baina, ekoizpen-abiadura hori mantsotzen doa adinak aurrera egin ahala. Bizitza guztian zehar, dena den, garunak ez du atsedenik hartzen, ezta lo gaudenean ere. Lo gaudenean, estimulu errepikakor mantsoak gertatzen dira eta hipokanpoak memoriarekin lotutako atalak jarduera guztia erregistratzen du. Gaueko jarduerak neuronen funtzionamendua antolatzeko eta oroimena finkatzeko beharrezkoak dira.
Oroimena, memoria, oroitzapenak... guztiak gordetzen dira garuneko neuronen arteko loturetan. Bizitza guztian zehar, luzea zein laburra izan, bizitako momentuak bertan gordetzen dira. Zer garen eta zer izan garen, zer izan nahi dugun eta zein amets eta ilusio ditugun. Guztia, nerbio-ehunez osaturiko organo miragarri horretan bilduta. Garunik gabe ez gara ezer. Denak hari esker du zentzua eta bertan bakarrik du zentzua munduak. Garunaren kontrola galtzen badugu, bizitza amildegiaren aurrean ate-joka geratzen da eta gutxik dute amildegiari begiratu eta tinko mantentzeko adorea. Bizia hari fin batek eusten du; bat-batean, ustekabean, apurtu daitekeen hari fin batek. Haria apurtzear denean, garuneko azken neuronaren azken sinapsiak bihotzari azken taupada emateko agintzen dionean, garrantzitsua izango den bakarra zera izango da: ezagutu ahal izan dugun egoera gozagarri hau, bizitza, beldurrik gabe eta ausardiaz bizitzeko gai izan garen ala ez. Gure bizitzak merezi izan ote duen ala ez. Zureak, ziur baietz.
Maite Lopez izebaren omenez idatzitako artikulua, garun-neoplasia baten ondorioz abenduaren 6an hil zena, 61 urte zituela.