Azken egunotan gertatuko albiste baten harira ere zerbait esan nahi dizuet; izan ere, zientzialari batek jakinarazi du gizakien arteko lehen buru-transplantea egitea lortu duela. Ba ote?
Hasteko, Mike oilaskoaren bizitzaz hitz egin nahi dizuet. Bere istorio guztia EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean idatzi nuen azaroaren 16an zientziakaiera.eus-en aurkituko duzue eta, hona, laburpentxo bat ekarriko dizuet. Mike, Wyandotte motako oilaskoa zen, Coloradoko baserri batean bizi izan zena. Kontua da Lloyd Olsen, oilaskoaren jabeak, aizkora batekin burua moztu ziola 1945eko iluntzen batean. Hala ere, Mikek bizirik jarraitzen zuen, zenbait kasutan ohikoa den bezala, eta bururik gabe ere ibiltzen jarraitzen zuen. Baina, hau ez da hain ohikoa: Lloydek oilaskoa kaxa batean gorde zuen eta hurrengo goizean, kaxa ireki zuenean, ikusi zuen Mikek bizirik jarraitzen zuela. Bururik gabe, baina, lepoa mugituz mokokatzen ahalegintzen jarraitzen zuen.
Mike oilaskoa ospetsua egin zen eta jabeak herriz herri ibiltzen zuen jendeak ikus zezan. Olsen jaunak tantaz tantako baten bidez ematen zion jana, elikagaiak zuzenean hestegorritik sartuz. Xiringa batekin mukia ere kentzen zion, arnasa hartu ahal izateko. Egun badakigu Mikek bizirik jarraitu ahal izan zuela Lloyden aizkorakadak garunaren zati bat utzi ziolako lepoarekin batera. Hortaz, aurpegiaren eta garunaren zati handi bat galdu zuen Mikek, baina zerebeloa eta bizkarrezur-erraboila bere horretan mantendu zituen. Hori horrela izanik, ezinbesteko bizi-funtzioak egiten jarrai zezakeen eta bihotzak odola punpatzen jarraitzen zuen. Burua galdu eta 18 hilabete geroago hil zen Mike Phoenixeko motel batean, Lloydek xiringak eta tantaz tantakoak ahaztu zituelako. Ezin izan zioten mukia ondo ken du eta itota hil zen Mike gizarajoa.
Buru-kontuekin jarraituz, Mikeri buruz informatzen nenbilenean animaliekin egindako beste hainbat esperimentu krudel eta ankerren berri ere izan dut. Buru-transplantea tabua izan da medikuntzan eta zientzia-komunitatean, baina, animaliekin egin diren esperimentuak dokumentatuta daude. Esaterako, 1954an Vladimir Demikhov zientzialari sobietarrak txakur txiki baten burua eta aurreko hankak txakur handiago batean transplantatzea lortu zuen. Ikuspuntu etikotik egun onartezina litzatekeen arren, esperimentuari ez zioten amaiera eman eta 6 egunez biziraun zuten bi txakurrek elkarri itsatsita. 1960an antzeko esperimentu bat egin zen tximu baten burua beste tximu baten gorputzean transplantatzeko. Bizkarrezurra lotzea ezinezkoa izan zenez, ezin daiteke esan benetako transplante bat izan zenik, baina buruak arnas egin zezakeen beste tximuaren gorputzeko birikei esker. Izakiak 9 egunez biziraun zuen.
Amaitzeko, Sergio Cavanero neurozientzialari italiarraren berri eman nahi dizuet. Gizon polemikoa da eta 2015ean esan zuen 2017 amaierarako gizakien artean burua transplantatzea lortuko zuela boluntario errusiar bat ere aurkitu zuen lehen esperimenturako. Duela gutxi jakinarazi du lehen arrakasta lortu duela. Oraingoz hilotzen artekoa besterik ez da izan buru-gorputz transplantea. Hala ere, zientzia-komunitateak zalantza handiak ditu lortu duena egia ote den oraingoz ez baitu frogarik erakutsi. Adituek diotenez ezin izango da inoiz buru transplante arrakastatsurik lortu, bizkarrezur-muina garunera konektatzea ezinezkoa delako. Hala da, oraingoz, egunotan dugun medikuntza baliabideekin.