Interneten irakurri dut...

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko urr. 30a, 08:50

Egunotan eskuragarri dugun informazio kantitatea izugarria da. Edozein zalantza sortzen zaigunean, osasun kontuetan esaterako, ordenagailua piztu eta geure galdera bilatzailearen laukitxoan idazten dugu. Segundo batean milaka webgune ditugu aurrean, eta informazio pila irakurtzeko aukera.

Baina, informazio guzti hori fidagarria al da? Zientziaren bideak ezagutzea benetan interesgarria da horrelako arazoei aurre egiteko, ikertzaileek bezala lan eginez.

Sarean edonork edozer idatzi dezake. Hori, izatez, ona dela esan daiteke baina, aldi berean, arriskuak ere ekar ditzake. Informazio pila dugu eskuragarri, baliagarria eta interesgarria izan daitekeena, baina, bestalde, informazio uholde horretan gezurrak, iruzurrak eta datu nahasgarriak ere aurki ditzakegu. Informazio adierazgarria eta fidagarria aurkitzeko bidean, lehenik eta behin aztertu nahi dugun gaia osotasunean ezagutu behar dugu. Ez gara hasiko erantzun nahi dugun galderaren erantzun zehatza bilatzen, baizik eta gaiari buruzko informazioa biltzen eta irakurtzen hasiko gara. Horrela, gai horren jargoia eta hitz teknikoak ondo ulertzen ditugula ziurtatu behar dugu, eta baita testuinguru osoa ere. Arloko informazioa geureganatzen joango gara eta webgune batean irakurtzen dugunetik beste esteka batera salto egingo dugu, eta hortik beste batera, baina irakurtzen duguna ulertzeko gai garela ziurtatuz.

Bigarrenik, irakurtzen duguna fidagarria dela bermatu behar dugu. Bistakoa denez, informazio fidagarria webgune fidagarrietan aurkituko dugu. Horregatik, zientziari buruz irakurri nahi badugu Science, Nature edo arloan izen ona duten antzeko aldizkarietara joko dugu, ikertzaileek horietan idazten dituztelako haien lanen ondorioak. Osasunari buruzko informazioa nahi badugu WebMD edo Cochrane eskuragarri ditugu, edo minbizian espezializatuta dauden Cancer Research UK edo American Cancer Society erakundeen webguneak. Arloan autoritateak diren webguneak ez baditugu ezagutzen —litekeena da— lehenik eta behin horiek bilatuko ditugu.

Galdetuko didazu, ene irakurle, Wikipedia fidagarria ote den. Tira, ni aldekoa naiz, baina bakarrik bertan dagoen informazioaren erreferentzia bibliografikoak irakurgai daudenean eta fidagarriak direnean. Horri loturik, edozer irakurtzen dugunean informazio zientifiko primarioa aipatzen ote den aztertu behar dugu. Informazio primario hori ikertzaileek zuzenean argitaratzen dituzten artikuluak dira, eta ez norbaitek esaten duenean ikertzaile batek zer egin duen —hori informazio sekundarioa litzateke—. Informazio primarioa lortzeko, Google Scholar bilatzailea erabiltzea da aukerarik erosoena. Ahaztu behar ez dugun beste arau bat interes ekonomikoetatik alde egitea da. Zerbait saldu nahi digunak nekez emango digu informazio objektiboa. Baliteke hala izatea, baina, probableena da irakurtzen duguna saltzen duena erosteko bideratuta egotea.

Jakina, ezinezkoa denez gauza guztietan jakitun izatea, adituei argibideak eskatzea ere aukera aparta da. Aditu euskaldunak bilatzeko, esaterako, inguma.eus bilatzailea erabil dezakegu, baina badira beste hainbat aukera sarean zientzialariei edo medikuei kontsultak egiteko. Modu batean zein bestean, inoiz ez zaitez geratu irakurtzen duzun lehen gauzarekin. Egia da ez dela erraza informazio eta datu guztiekin kritikoa izatea, baina, guztia zalantzan jarri behar da beti, baita geure ideien edo uste dugunaren aurka doazenak. Nolabait, Internetera jotzen dugunean erantzun baten bila, gehien gustatzen zaigun erantzuna duen informazioa bakarrik irakurtzeko tentazioa izan dezakegu. Beraz, kontuz. Ariketa interesgarria da edozein galdera erantzun nahi dugunean aurreiritzirik gabe abiatzea eta ikuspegi guztiak kontuan hartzea, informazio zientifikoan oinarritzen badira. Guztia zalantzan jarri eta izan ikertzaile!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!