Kimika, beste behin

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko urr. 2a, 08:06

Udari agur esaten diogun bitartean berriro ere zientziari eusteko garaia iritsi da Zientziaren Talaian. Aurtengo etenaldiak ere kimikaz hitz egiteko hainbat aukera utzi ditu, eta egunero irakurtzen ditugun albisteen atzean dagoen zientzia xehetasunez aztertzeko aukerak ere ugariak dira. Oraingoan, uztaila hasieran Tolosako kiroldegian gertatutako kloro intoxikazioa ekarriko dut zientziaren txoko honetara.

Uztailaren 4an Usabal kiroldegiko igerileku estaliaren inguruetan gasa zabaldu zen. 104 pertsona artatu behar izan zituzten eta horietako 23, gehienak haurrak, ospitaleratu egin behar izan zituzten. Gehienok gogoan ditugu larritasun une haiek, baina, zorionez, ez zen kalte handiagorik gertatu. Hurrengo egunean kaltetuak etxean zeuden eta goizean kiroldegia berriro ere ireki zen, analisiek airearen kalitatea egokia zela baieztatu zutenean.

Ezbeharraren ondoren, intoxikazioa nola sortu zen ikertuko zutela esan zuten, eta baita hala egin ere. Uztailaren 28an jakinarazi zuen Tolosako Udalak egun hartan zer gertatu zen. Kontua da jario baten ondorioz 500 litro sodio hipoklorito zituen ontzi bat aldatu egin behar izan zela, eta, zoritxarrez, ontzi aldaketa egitean mantentze-lanetarako langileak aurrez azido sulfurikoa izan zuen ontzi bat erabili zuela aldaketa egiteko. Ontziko azido sulfurikoak sodio hipokloritoarekin erreakzionatzean, kloro-gasa askatu zen eta kiroldegiko hainbat lekutara zabaldu zen. Jakina denez, kloroa konposatu toxikoa da gizakiontzat biriketako urarekin erreakzionatzen duelako azido klorhidrikoa emanez —Lehen Mundu Gerran arma kimiko moduan erabili zen—. Kontzentrazio altuan heriotza azkarra ekar dezake eta baxuan, aldiz, eztula, okadak eta begien narritadura eragiten ditu.

Bigarren protagonistari dagokionez, sodio hipokloritoa igerilekuak desinfektatzeko erabiltzen da. Bide batez, desinfektatzaile hori gutako edonork etxean badauka; izan ere, garbiketan erabiltzen den lixiba sodio hipokloritoa duen ur-disoluzioa da —%3 eta %6 arteko kontzentrazioan—. Igerilekuetan ohikoa da konposatu hori erabiltzea desinfekzioa lortzeko, izan ere, oso eraginkorra da hainbat bakterio eta birusen aurka. Kimikaren ikuspuntutik, sodio hipokloritoa uretan jartzen denean, azido hipoklorosoa eta sodio hidroxidoa askatzen dira —azken hori sosa kaustikoa izenez ezagutzen da—. Albo ondorio bezala, sodio hidroxidoak uraren pHa igotzen du eta, zenbaitetan, konposatu azido bat gehitu behar da berriro ere pH egokia lortzeko —hori izan zitekeen, hain zuzen ere, kiroldegiko beste ontzian zegoen azido sulfurikoaren funtzioa—. Jakina, prozedura horiek arruntak dira igerilekuen uraren kalitatea ona dela bermatzeko eta horrek ez du arazorik eragiten erabiltzaileen osasunean. Oro har, igerilekuan dagoen sodio hipoklorito kontzentrazioa baxua da eta mikroorganismo patogenoen hazkuntza saihesten du.

Hori bai, zerbait aipatzekotan —Zientziaren Talaia jarraitzen duten irakurle finek gogoan izango dute—, igerilekuetako kloroak eta sodio hipokloritoak fluido biologikoekin erreakzionatzen dute —dela izerdia, dela pixa—, eta kloramina toxikoak agertzen dira. Zorionez, kloramina hauen kontzentrazioa ere oso baxua da, baina horregatik gomendatzen da igerilekuetan sartu aurretik dutxatzea eta, ahal dela, uretan pixa ez egitea. Gogoan izan, irakurle, igerilarien izerdiaren ondorioz eratzen diren kloraminak direla igerilekuan begiak gorritzeko arrazoi nagusia. Nolanahi ere, beste behin, zientziaz eta kimikaz beteriko albistea. Horrelakoak aztertzen jarraituko dugu, ene irakurle, ikasturte honetan ere, hemen, Zientziaren Talaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!