Gardenak, zurixkak, gorrixkak edo horixkak, animalia ederrak dira marmokak. Uretan dabiltza, haizearekin eta korronteekin dantzan, ozeanoak zeharkatzen. Berebiziko garrantzi ekologikoa dute itsas-ekosistemetan; izan ere, animalia askorentzako jana dira marmokak —arrain handi eta itsas dortokentzako, kasu—, eta haiek ere organismo asko jaten dituzte —zooplanktona, arrain txikiak eta beste marmokak—. Gure kostaldean arruntenak Pelagia noctiluca espeziekoak dira eta haien ziztadak ez dira oso larriak izaten. Arriskutsuenen artean, karabela portugesa genuke —dena den, izatez, karabela portugesak ez dira marmokak sifonoforoak baizik—. Haien pozoia oso toxikoa da, eta hamar metrora bitarteko garroak izaten dituzte, gainera.
Bat-batean, igerilari batek bake-bakean dagoen marmoka batekin tupust egin eta, zast, azala gorrituta hondar ertzera bueltan. Une horretan, hondarretan eguzkia hartzen ari direnak medikuntzan lizentziatu bihurtzen dira eta mota askotariko proposamenak entzuten dira mina arintzeko: xaboia, limoi zukua, alkohola, Coca-Cola, bikarbonatoa, bizarra mozteko krema eta, originaletan originalena, zaurian pixa egitea. Aldiz, lehen sorospeneko protokoloek diotena zera da: besterik ezean, itsasoko urarekin zauria garbitu, kontu handiz tentakuluak kendu eta mindutako azalean izotzak jarri. Bada, Toxins aldizkarian argitaratutako ikerketa baten emaitzen arabera, protokolo hori jarraitzea egin dezakezun okerrena da.
Hawaiko Unibertsitateko C.L. Wilcox eta bere lankideek marmoken ziztadak arintzeko erabilitako lehen sorospenak aztertu dituzte eta, jakinarazi dutenez, ohiko metodoek onura baino kalte gehiago egiten dute. Zauria urarekin, alkoholarekin edo pixarekin igurzten bada, tentakuluetan gordeta dagoen pozoia azalera askatzen da, ia %30-%40 gehiago. Eskuekin zaurian presioa egitea ere arriskutsua da, pozoi gehiago askatzen baita. Horren ordez, ikertzaileek ikusi dute ozpina dela erremediorik eraginkorrena. Gainera, aurkitu dutenez, ozpinaren eraginkortasuna ez dago lotuta haren azidotasunarekin. Antza, ozpinak tentakuluen kolagenoa puztu eta blokeatu egiten ditu eta, horrela, pozoi-deskarga inhibitzen da. Jakinarazi dutenez, tenperaturak ere eragina du pozoi askatze prozesuan eta, hain zuzen ere, tenperatura baxuan gertatzen dira kalterik handienak. Hobe da giro tenperaturan uztea edo, are hobeago, beroa aplikatzea —bero-poltsa batekin, adibidez—.
Ozpina eta beroa dira, hortaz, erremedio aproposenak zientziaren arabera. Kasu honetan ere, ikerketen emaitzek erakutsi digute tradizioz eta ohituraz egindako zenbait praktikek ez dutela ezertarako balio, edo kaltea areagotzen dutela. Zientziaren bideetan dago erantzuna, oraingoan ere. Tira, eta maltzurkeriak egin nahi badituzu, hemen irakurritakoa isilpean gorde dezakezu, irakurle, eta hurrengoan mina arindu ez, baina, gustura barre egingo duzu kuadrillakoari hanketan pixa egiten diozun bitartean.