Azukrerik garestiena

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko api. 28a, 20:06

Homeopatia sasimedikuntza guztien artean dagoen terapiarik txarrena da, onartezinena, zalantza izpirik ez baitago iruzur hutsa dela esateko. Ikerketa medikoaren printzipio guztiak baztertzen ditu eta zientziaren oinarri guztien aurka doa. Zertan oinarritzen da, baina, homeopatia?

Ezjakintasunak esklabo egiten gaitu eta ezagutzak, aldiz, libre. Bada, homeopatian sinesten uzteko erremediorik onena haren printzipioak ezagutzea da. Homeopatia XVIII. mendean sortu zen, Samuel Hahnemann alemaniarrak asmatu zuenean. Bai, horrela esan behar da: asmatu egin zuen. Egun ezezagunak diren arrazoietan oinarrituta, Hahnemannek homeopatiaren bi legeak asmatu zituen bere esperientzia pertsonal batetik abiatuta. Bide batez, 1991n frogatu zen Hahnemannen emaitzak, homeopatiaren oinarriak eman zituztenak, oker zeudela.

Homeopatiaren lehen printzipioa similia similibus curantur delakoa da hau da, antzekoak antzekoa sendatzen duela. Printzipio horren arabera, pertsona osasuntsuetan sintoma batzuk eragiten dituen substantzia bat gai da pertsona gaixo batean sintoma horiek berak sendatzeko. Esaterako: kafeinak pertsona osasuntsuetan loezina eragiten duenez, loezina duen gaixo bat sendatzeko erabil liteke. Alabaina, efektuaren inbertsio hori gertatzeko, substantziak oso diluitua egon behar du, hau da, haren kontzentrazioa oso txikia izan behar da. Homeopatiaren bigarren arau horren arabera, sendagai bat zenbat eta gehiago diluitu, haren ahalmen terapeutikoa handiagoa da. Egia da Hahnemannek lege horiek asmatu zituenean kimikari buruzko ezagutzak urriak zirela, baina, egun badakigu bi legeok zientziaren oinarrizko printzipio guztien aurka daudela.

Nola egiten dira, baina, erremedio homeopatikoak? Farmazietan saltzen diren pilulatxoak prestatzeko, substantzia natural baten estraktua hartzen da kafeina, kasu eta CH diluzioak egiten dira. 1 CH diluzioa egiteko, estraktuaren bolumen bat 99 ur bolumenetan diluitzen da. Ondoren, bertatik bolumen bat hartzen da eta beste 99 ur bolumenetan diluitzen da. Horrela 2 CH diluzioa dugu. Prozesu hau hainbat aldiz errepikatzen da, 30 CH, 100 CH edo 200 CH diluzioak lortzeko. Bukatzeko azukrezko bolatxoak laktosa eta sakarosazkoak, hain zuzen likido horrekin bustitzen dira.

Diluzioen ideia emateko, 13 CH diluzioa munduko ozeano guztietako uretan tanta baten herena jartzearen parekoa da. Arsenicum album 16 CH erremedio homeopatikoaren diluzio maila lortzeko artseniko trioxido molekula bakar bat disolbatu beharko genuke Ibiurreko urtegian dauden 7 mila milioi litro uretan. 26 CH diluzioaren baliokidea da molekula bakar bat eguzkiaren tamainako esfera batean sartzen den uretan disolbatzea. 60 CH diluzio bat lortzeko unibertso guztia urez bete beharko genuke eta bertan molekula bat jarri. Likido horrekin bustitako azukrezko pilula bat sendagai bat dela pentsatzea eta, are okerrago, sendagai moduan saltzea, onartezina da medikuntzaren ikuspuntutik.

Hala ere, zientziak dena zalantzan jarri behar du eta ikerketak egin dira homeopatiaren eraginkortasuna aztertzeko. Ondorioa sinplea da: egindako ehunka saiakuntza zorrotz eta kontrolatuek ez dute froga sendorik lortu homeopatia erabiltzearen alde egiteko. Ez da frogatu homeopatia plazeboa baino eraginkorragoa denik. Homeopatia ura da. Ura, eta munduko azukrerik garestienarekin egindako pilulak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!