Sekretu ez hain gozoak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko mar. 25a, 09:51

Ume aseezinen irrika baretzeko-edo, badira gominolak petrolioz eginda daudela dioten gurasoak. Ziur gehienok baduzuela petrolioz egindako gomazko gozokien mitoaren berri. Egia ote? Edo bestelako sekreturik gordetzen al dute gomazko gozokiek? Gozozale, ez jarraitu irakurtzen gominolak orain arte bezala begiratzen jarraitu nahi badituzu.

Gomazko gozokiek ume garaira eramaten naute, esku batean plastikozko poltsatxo bat hartuta gozoki denda arpilatzeko baimena izaten nuen egun eskas eta preziatu horietara. Tira, gogoan dut garai haietan askok sinesten edo errepikatzen zutela petrolioz eginda zeudela-eta gominola asko ez jateko. Kontua da duela gutxi harrituta geratu nintzela helduen arteko hizketaldi batean petrolioarena egiatzat zutenak agertu zirenean. Mitoa urrutiegi iritsi dela ikusita, hona azalpen batzuk gominolen kimikari buruz.

Lehenik eta behin, zalantzak argitzeko, esan behar da gominolak ez direla petrolioarekin egiten, ezta petrolioaren deribatuekin ere. Kontsumitzen ditugun gozokiek —beste edozein elikagairen kasuan bezala— segurtasun araudi zorrotzak bete behar dituzte, eta bertan zerrendatuta daude gozokiak egiteko erabil daitezkeen osagaiak eta gehigarriak. Jakin dakizuenez, petrolioa ez da jangarria eta ez da erabiltzen inolako elikagairik egiteko. Petrolioa hidrokarburo nahaste konplexua da eta osagai toxiko ugari ditu, horien artean hainbat substantzia minbizi-sortzaile.

Gomazko gozokiak nagusiki azukrez eginda daude, hain zuzen ere, gominola baten %50-%70 azukrea da —sakarosa, glukosa, fruktosa eta maltosa, besteak beste—. Beste osagaien artean, gelifikatzaileak, lodigarriak, koloratzaileak, azidotzaileak eta aromak daude. Horrexegatik, nutrizioari dagokionez gominolak ez dute ezer onik ematen. Kaloria huts asko, besterik ez: 100 g-ko 350-400 cal artean izaten dituzte —sagarrak 75 cal/100 g eta ogiak 260 cal/100 g ditu, adibidez—. Gominolak petroliozkoak direneko mitoaren jatorria ez dago oso argi, baina, litekeena da gozoki horien testura berezia izatea arrazoia. Zein da benetan gominolen testuraren erantzulea? Bada, aipatu ditudan osagaien artean, gelifikatzaileak eta lodigarriak dira arrazoi nagusienak. Horien artean, gelatina, almidoiak, zelulosak, alginatoak eta pektinak dira gehien erabiltzen direnak.

Gelatina

Hain zuzen ere, gelatinan dago hain gozoa ez den gominolen sekretuetako bat. Bide batez, kontu hau ondo ezagutuko dute begetariano eta beganoek; izan ere, garbizaleenek ez dituzte gominolak jaten. Arrazoia? Gelatina animalien ehun konektiboetan dagoen kolagenotik erauzten da gozokiak —eta beste hainbat produktu— egiteko. Kolagenoa azalean, hezurretan, kartilagoan eta tendoietan dagoen proteina da, eta kolageno hori lortzeko, harakintzako soberakinak erabiltzen dira —nagusiki behiarenak eta txerriarenak—. Animalia zatiak 140 ºC-tara irakiten dira eta erauzketa prozesuaren ondoren hauts txuri bat lortzen da: gelatina. Prozesuaren irudi desatsegin batzuk De weg van een snoepje filme laburrean ikus ditzakezue. Ziur asko, umeei hori erakustea eraginkorragoa da petrolioaren gezurra kontatzea baino.

Nolanahi ere, gelatinaren lorpena nazkagarri eta odoltsua bada ere —norberak balora dezala alde etikoa—, horrek ez du arazorik ekartzen gominolen segurtasunari dagokionez. Hortaz, gominolak lasai jan ditzakezue elikadura-segurtasunarik dagokionez —ez dute osagai toxikorik—, baina, neurriz jan itzazue, ez baitute ezer onik ematen. Dosiak egiten du pozoia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!