Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko ots. 11a, 10:32
Gaur, otsailak 11, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. 2015ean Nazio Batuen ekimenez izendatutako egun honetan, emakume eta neska guztiek zientzian duten parte-hartzea bidezkoa eta erabatekoa izatea aldarrikatzen da. Egun hau eta bere aldarrikapena ikusgai bihurtzeko asmoz, hona nire ekarpena.

Zientzia eta genero parekidetasuna ezinbestekoak dira Agenda 2030n jasotako Garapen Iraunkorrerako Helburuak bete daitezen, bai, baina sen onez bakarrik ere horrela izan behar du. Tamalez, oraindik ere badira emakumeak zientzia-diziplinetan erabat aritzea eragozten duten hainbat muga. Muga horiek zenbait kasutan meheak edo ikusezinak diren arren, epe luzera eragin izugarria dute zientzian emakumeek duten presentzia eskasa ulertzeko.

Ohar honetan zertzelada batzuk besterik emango ez ditudan arren, deigarria da jakitea zientziarekiko zaletasunean umetatik agertzen direla genero desberdintasunak. Hezkuntza sistemak eta gizartearen estereotipoek bideratzen ote ditu aukeraketarako lehentasun horiek? Horrela bada, bi aldiz pentsatu beharko genuke zer egiten ari garen. 2010eko datuen arabera, emakumeek unibertsitate-tituluen %60 lortzen dute, baina, zientzia-arloetan, ingeniaritzan eta konputazioan ehunekoak asko jaisten dira —%43, %32 eta %21, hurrenez hurren—.

Zalantzarik gabe, joera horiek bultzatzen dituen oztopoetako bat erreferente falta da; izan ere, zientzialariok zor historiko handia dugu emakume zientzialariekin. Historian zehar emakume zientzialari garrantzitsu askok —gehienek— izan duten aitorpen falta larria izan da. Beste zenbait kasutan, zuzenean, haiek egindako aurkikuntzak lapurtu egin zaizkie edo ezkutatu egin dira. Egia da azken urteotan, eta pixkanaka bada ere, zor hori kitatzen —edo arintzen, behinik behin— hasteko pauso txikiak eman direla, baina asko dago egiteko. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da EHUko Kultura Zientifikoko Katedratik Mujeres con Ciencia blogean egiten duten lana emakume zientzialarien lana gizarteratzeko.

Nolanahi ere, emakume zientzialarien izenak galdetzen badizkizut, zenbat emateko gai izango zara? Ez dakit bizpahiru baino gehiago otuko zaizkizun: Marie Curie, Jane Goodall, Margarita Salas... Bada, gaur, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Egunean, gure mundua aldatu zuten emakume zientzialari batzuk aurkeztuko dizkizut. Gizonak izan balira, izen hauek noizbait entzun izango zenituen.

 

Ada Lovelace

Barbara McClintock

Bodil Schmidt-Nielsen

Caroline Herschel

Cecilia Payne

Chien-Shiung Wu

Dorothy Hodgkin

Elizabeth Blackburn

Émilie du Chatelet

Emmy Noether

Esther Lederberg

Gertrude B. Elion

Gerty Theresa Cori

Henrietta Leavitt

Hipatia Alexandriakoa

Ida Noddack

Jane Goodall

Jocelyn Bell Burnell

Laura Bassi

Lisa Meitner

Margarita Salas

Maria Agnesi

Marie-Anne Prierrette Paulze

Marie Curie

Rachel Carson

Rita Levi-Montalcini

Rosalind Franklin

Rosalyn Yalow

Sophie Germain

Vera Rubin

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!