Zu zarena

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2017ko urt. 21a, 09:58

Lurraren argazkia Voyager 1 espazio-zundatik.

Ikusi ezazu ondoan duzun irudia. Argazki hori 1990eko otsailaren 14an Voyager 1 espazio-zundak atera zuen, Lurretik 6.000 milioi kilometrora zegoenean. Egun, Eguzki Sistemaren mugaldean dago; Lurretik urrutien dagoen gizakiak egindako objektua da. Argazkian puntu urdin zurbil bat ikusiko duzu: Lurra da. Zu bertan zaude. Beste guztia, iluntasun kosmikoa da.

Rara avis bat da Lurra, puntu hutsal bat besterik ez. Bizia ahalbidetzeko baldintzak ozta-ozta betetzen dituen leku pribilegiatua. Hala ere, Unibertsoaren handitasun itzelean hutsaren hurrengoa den puntutxo urdin honetan inoiz ezagutuko duzun guztia dago. Denok gaude. Zu eta zure bizitza osoan zehar ezagutuko duzun gauza oro. Maite dituzun eta gorroto dituzun guztiak. Inoiz izango dituzun ondasun eta jabetza guztiak. Eguzkiaren inguruan dantzan dabilen hauts-izpi txiki-txiki honetan. Hemendik kanpo, iluntasun kosmiko zabal eta bakartiz inguratuta zaude. Poztu egin beharko zenuke mundu ñimiño honetan egoteagatik. Hasieran, ez zegoen ezer. Unibertsorik ez zen, atomorik ez zen. Zorioneko egun batean dena existitzen hasi zen arte.

Atomoek ez zuten zertan existitu behar. Unibertsoak berak ere ez zuen zertan existitu behar, baina, besterik gabe, existitu egiten dira. Gainera, Unibertsoak konspiratu egin du kosmosaren punturen batean sortutako hiru bilioi atomo elkartu eta zu zeu sortzeko. Atomo konbinaketa hori ez da lehenago inoiz gertatu eta ez da berriz gertatuko. Bakarra eta berezia zara. Errepikaezina. Atomo horiek zu sortzeko elkartu dira. Hala ere, zure atomoei bost axola zaie zer egiten duzun; bazarenik ere ez dakite. Zure ardura, egonezin, betebehar eta buruhauste guztiak ez dira ezer haientzat. Izarren hautsaz egindako atomo multzo bat zara, kosmos itzelean noraezean dabilen puntu hutsal baten gainazalean bidaiatzen. Benetan uste duzu zure kezkak garrantzitsuak direla?

Tira, esango dizut bizia sortu zenetik 3.800 milioi urte igaro direla. Zu, kate biologiko miragarri baten emaitza zara. Zorte handia izan duzu. Biziaren hasieratik hona milaka milioi espezie bizidun sortu dira eta gehienak desagertu egin dira. Zu, aldiz, milioika urte dituen zorizko kate baten azken maila zara. Zure arbaso guztiek bikotekidea aurkitu dute eta ugalketa gauzatzeko adina bizitzeko aukera izan dute. Bada ordaindu beharreko preziorik ere. Egunen batean, zuk nahi baino lehen, zure atomoak lotuta mantentzen dituen arrazoi bakarra, zu zeu osatzea, desagertu egingo da. Pozarren esango nizuke gero beste zerbait zain daukazula, baina, zurekikoak bukatu ondoren, zure atomoak sakabanatu egingo dira. Azken hatsa eman ondoren, beste zeregin batzuetara abiatuko dira. Batzuk atmosferako aire bihurtuko dira, beste batzuk lurrazaleko lokatz, beste batzuk, agian, bizi berri baten abiapuntu izango dira. Besteren batek, akaso, Lurretik alde egitea lortuko du eta izarretarantz abiatuko da. Batek daki.

Ibilbide laburra dugu hemen, baina, ez kezkatu. Horretaz guztiaz poztu egin behar zara. Ia lau mila milioi urtetan, bizia sortu zenetik gaurdaino, edozein unetan aldaketarik txikiena gertatu izan balitz, orain ez zinateke hemen egongo. Horixe da bizitzaren miraria. Litekeena da Unibertso guztian hau gertatzen den beste lekurik ez egotea. Horri esker, sarritan merezi baino gutxiago preziatzen den egoera gozagarri hau, bizitza, ezagutu ahal izan duzu. Horregatik diotsut: ondo aprobetxa ezazu berriro izango ez duzun aukera hau. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna. Ausartu edozer egitera. Ez izan beldurrik. Bizi.


Pale Blue Dot: A vision of the Human Future in Space, Carl Sagan, 1994.
A Short History of Nearly Everything, Bill Bryson, 2003.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!