Arropa garbitzea etxeko lanik garrantzitsuenetako bat da. Aspalditik egiten dena, bide batez —ez dakigu zehazki gizakiok noiz hasi ginen geure arropak garbitzen—. Arropa garbitzea prozesu luzea zen; izan ere, lehenik eta behin jantzi zikinak uretan jartzen ziren errautsekin eta hurrengo egunean errautsak iragazi egin behar ziren. Horixe da, hain zuzen ere, hacer la colada esamoldearen jatorria: arropa iragazi (colar) egin behar zen errautsak arropatik banatzeko. Horren ondoren, errekan edo harraska publikoan arropa harrizko taulen kontra igurtzi egiten zen, gero uretan eragin eta, azkenik, lehortzen uzten zen. Orotara, bi edo hiru egun behar ziren etxeko arropa garbitzeko eta, jakina, urtean gutxitan egiten zen.
Aurrerapen teknologikoei esker egun arropa garbitzea, zorionez, askoz ere errazagoa eta azkarragoa da. Garbigailuei eta garbiketarako produktuei esker —xaboiak, detergenteak, leungarriak—, etxe gehienetan astero 3-5 aldiz jartzen da martxan garbigailua jantzi zikinak garbitzeko. Teknikoki, arropa garbitzearen helburuak hiru dira: hautsa kentzea, orbanak eta zikinkeria kentzea, eta usain txarra kentzea. Hiru helburuak eraginkortasun handiz lortzen dira garbigailuetan gertatzen diren prozesu fisikoen eta kimikoen ondorioz —tenperatura altuak, agitazio mekanikoa eta garbiketarako produktuak medio—. Zorionekoak gu.
Alabaina, arropa garbitzea kutsadura-iturri garrantzitsua dela ere gauza jakina da. Ez dugu ahaztu behar garbitzea, azken finean, zikinkeria eta zaborra tokiz aldatzea besterik ez dela —hori bizitzaren arlo guztietan aplika daiteke, gainera—. Garbigailutik ateratzen diren hondakin-urek hainbat konposatu kutsatzaile dituzte. Hala ere, azken urteotan bada arreta berezia sortzen ari den kutsatzaile-multzo bat: mikroplastikoak.
Etsai ikusezina
1970eko hamarkadan aurkitu ziren lehen aldiz plastikoak ozeanoetan eta egoera geroz eta larriagoa da. Jada, zabor uharte erraldoietan metatzen dira plastiko hondakinak —ehunka kilometroko diametrokoak daude Ozeano Barean eta Atlantikoan, esaterako—. Hala ere, azken urteotan beste kutsadura iturri bati erreparatu zaio; izan ere, mikroplastikoak ere oso arriskutsuak direla ikusi dute adituek. Mikroplastikoak 5 mm baino txikiagoak diren plastiko zatiak dira eta haien arriskua hauxe da: hain dira txikiak, ezen uretako organismoek oso erraz irensten dituztela. Gainera, mikroplastiko horietan kutsatzaile organiko iraunkorrak itsatsi daitezke eta, horrela, bizidunek irentsi egiten dituzte.
Mikroplastikoek bi jatorri posible dituzte: mikroplastiko primarioak propio gehitzen dira hainbat produktutan —kosmetikoak eta sendagaiak, adibidez—. Mikroplastiko sekundarioak, aldiz, produktuaren erabilpen prozesuan zehar agertzen dira, beste plastikoen fragmentaziotik. Plastiko handiak pixkanaka zatitu eta puskatu egiten dira prozesu mekanikoen ondorioz, mikroplastikoak eratuz. Eta etxeko zein lekutan izan ohi ditugu material plastikoak tenperatura altuan eta etengabeko agitazio mekanikoaren eraginpean? Bada, garbigailuetan.
2011an M.A. Browne eta haren lankideek lehen aldiz identifikatu zituzten etxeko garbigailuak mikroplastiko iturri nagusi bezala; izan ere, egun erabiltzen dugun arropa gehiena material plastikoz egina dago. Gaia kokatzeko, gogoraraziko dizuet arropa zuntzez egina dagoela. Zuntz horiek naturalak —artilea, zeta, kotoia—, sintetikoak —rayona, kotoi-poliester nahasteak— edo artifizialak —nylona eta bestelako poliamidak, poliesterra, akrilikoak— izan daitezke. Egun erabiltzen ditugun jantzi gehienek, proportzio handiagoan edo txikiagoan, zuntz sintetikoak dituzte. Produktu horiek garbigailuan sartzen direnean mikrozuntzak askatzen dituzte eta horiexek dira mikroplastiko kutsatzaileak.
Itsas-urak aztertuta ikusi denez, mikroplastiko gehienak poliesterrezkoak (%56), akrilikoak (%23), polipropilenozkoak (%7), polietilenozkoak (%6) edo poliamidazkoak (%3) dira. Bestalde, ikertzaileak konturatu dira mikroplastiko horiek itsasoko uretara iristen direla ia beti; izan ere, oso zaila da hondakin-uren araztegietan mikroplastikoak baztertzea. Hondakin-uren kasuan, hain zuzen ere, poliesterrezko mikroplastikoak %67 dira eta akrilikoak, berriz, %17. Hortaz, hondakin-uren mikroplastiko gehienak garbigailuetatik datozela argi dago —bi horiek dira jantziak egiteko erabiltzen diren zuntz-mota nagusienak—.
Hainbat esperimentu egin dira arropak askatzen dituen zuntzak identifikatzeko. Gutxi gorabehera, arropa garbitzen den bakoitzean bere masaren %0,033-0,039 galtzen duela kalkulatu da. Horrek esan nahi du jantzi bakar batek 1.900-250.000 zuntz gal ditzakeela garbiketa prozesu bakoitzean. Beste era batera esanda, poliesterrezko jantzi batek 1-2 mg galtzen ditu garbitzen den bakoitzean —akrilikoa bada, zertxobait gutxiago eta poliester-kotoi nahastea bada, are gutxiago, 0.5 mg inguru—. Erabilitako detergenteak eta leungarriak ez dauka eragin handirik mikroplastiko kopuruan, hortaz, nagusiki agitazio mekanikoaren ondorioz askatzen direla ondorioztatu dute.
Mikroplastikoen zikloa
Mikroplastikoen iturri nagusiena etxeetako garbigailuen hondakin-urak badira ere, beste hiru jatorri ere aipatu behar dira. Alde batetik, plastiko hondakin handiak itsasoan fragmentatu egiten dira mikroplastikoak sortuz. Bestetik, etxean eta industrian erabiltzen diren hainbat garbiketa produktuk mikroplastikoak dituzte —urratzaile funtzioa dutelako gehitzen dira—. Multzo horretan sailkatzen dira mikroplastikoak dituzten zenbait kosmetiko ere. Azkenik, zenbait sendagaitan mikroplastikoak erabiltzen dira. Nolanahi ere, azkenean dena ozeanoetako uretara doa eta ur-ekosistemetan bizi diren animaliek irentsi egiten dituzte. Dagoeneko mikroplastikoak aurkitu dituzte bibalbioetan eta hainbat arrainetan. Horrela ixten dugu zikloa: arrainak jaten ditugunean, geure jantziak garbitzean askatu diren mikroplastikoak jaten ari gara, eta hortik artikulu honen izenburua. Ez da txantxa. Jotzen da biztanle europar bakoitzak 11.000 mikroplastiko jaten dituela urtean. Horietako asko arropa garbitzean askatutako zuntzetatik datoz.
Hondakinen ziklo horri amaiera jartzea ez da erraza; izan ere, geroz eta plastiko gehiago erabiltzen ditugu. Adituek proposatutako irtenbideen artean aipatzekoak dira: i) mikroplastikodun produktuen ekoizpena kontrolatzea eta, ahal den neurrian murriztea, ii) mikroplastikoen isurketa murrizteko teknologia garatzea —esaterako, garbigailuetan iragazki egokiak jarriz edo hondakin-uren araztegiak hobetuz—. Jakina, kutsatu, kutsatuko dugu arropa garbitzen jarraitu nahi badugu. Gutxienez, saia gaitezen eragina txikitzen.
DETERGENTEAK ETA ARROPA GARBITZEKO PRODUKTUAK
Xaboiak, detergenteak, leungarriak eta, oro har, etxeko garbiketa produktuak ere kutsadura iturri garrantzitsua dira. Hondakin-uren bidez ekosistemetara iristen dira eta kalte handiak eragin ditzakete. Esaterako, ur-ekosistemen eutrofizazioa kasu ezaguna da. Kutsaduraren ondorioz ibai eta itsasoetan materia organiko gehiegi pilatzen denean, zenbait alga gehiegi hedatzen dira eta ur-ekosistema arriskua jartzen dute.
Azken urteotan pil-pilean dagoen beste gai bat disruptore endokrinoak dira. Osagai horiek —garbiketarako produktuetan ere badaudenak— hormonen antzeko egitura kimikoa dute eta bizidunen sistema endokrinoan asaldurak eragiteko gai dira. Adituak ez datoz bat disruptore endokrinoek eragin ditzaketen kalteekin, baina une honetan ikerketa asko egiten ari dira esparru honetan.
ZERGATIK GARBITU BEHAR DA ARROPA?
Arropa garbitzeko arrazoi nagusiena erabilpenaren ondorioz hartzen duen usain txarra izaten da —gutxitan garbitzen dugu benetan zikina dagoelako—. Usain txarraren jatorria kanpokoa edo barnekoa izan badaiteke ere, kasurik gehienetan arropa erabiltzailea bera izaten da iturri nagusiena. Tira, kimikari izanik agian findu egin beharko dut esan dudana eta benetako errudunak azaleratu beharko ditut: bakterioak. Hain zuzen ere, giza-izerdiak ia ez du usaintzen. Alabaina, besapean goxo-goxo bizi diren bakterioek eragiten dute izerdiaren kiratsa. Izerdia, berez, usaingabeak diren kate luzeko gantz-azidoez osatuta dago nagusiki. Besapean —eta, oro har, azalaren gainazal guztian— bizi diren bakterioek gantz-azido horiek metabolizatu egiten dituzte oso usaintsuak diren azidoak, alkoholak eta aldehidoak sortzen dituzte. Besapeetan estafilokokoak eta korinebakteriak identifikatu dira nagusiki eta beste izerdi-guruinetan, aldiz, estafilokokoak eta propionibakteriak.
Bakterio multzo horrek giza-izerdiaren konposatuak degradatzen dituzte konposatu organiko lurrunkorrak sintetizatzeko, esaterako, azido butirikoa, dimetil disulfuroa eta dimetil trisulfuroa. Jakina, konposatu organiko horien kontzentrazio oso txikia da; izan ere, substantzia puru kontzentratu horien kiratsa deskribaezina da. Bada, detergenteen funtzioa arropan itsatsita geratu diren molekula desatsegin horiek kentzea da. Ikerketen arabera, garbiketa ziklo bakoitzean %32-%98 murritzen dira konposatu organiko lurrunkorren kontzentrazioak.