Fisioterapia agente fisikoen (ariketa terapeutiko, masaje, argi, bero, elektrizitate eta abarren) bidezko tratamendu medikoa da, eta, jakina, ebidentzian oinarritutako medikuntza da. Espainian, fisioterapeutak titulu ofizialaren babesa du eta titulurik gabe ezin da fisioterapian jardun. Osteopatia, aldiz, gaixotasunei aurre egiteko gorputzak berak erremedioak sor ditzakeela dioen teorian oinarritzen den tratamendua da. Osteopatiaren teoriak dio ehun konektiboak, hezurrek, muskuluek eta artikulazioek, egitura-funtzioaz gainera, osasunarentzat beste funtzio garrantzitsuak ere betetzen dituztela. Osteopatek masajeen bidez muskuluetan gordetako energia askatzen dute gaixotasunak sendatzeko (bai, ondo irakurri duzu). Espainian ez dago osteopata-titulu ofizialik eta fisioterapia-ikasketen parte da osteopatia (hau fisioterapeuten arteko eztabaida luzeen gaia da). Oro har, teknika leunak erabiltzen dituzte eta, hortaz, zure osteopatak fisioterapeuta titulurik ez badu, kasurik txarrenean ubeldura bat irabaziko duzu.
Osteopatia zientziaren eta sasi-zientziaren arteko mugan kokatzen da eta hiru diziplina ditu: egiturazkoa, garezurrekoa eta erraietakoa. Egiturazko osteopatia eta fisioterapia praktikan gauza bera direla esan daiteke. Fisioterapeutak muskuluak elastifikatzeko eta haien mugimendua normaltzeko lanean ari dela esango du eta osteopatak, berriz, energia askatzen ari dela esango du. Osteopatiaren beste bi diziplinak, aldiz, guztiz sasi-zientifikoak dira. Batak garezurreko masajeen bidez, esaterako, gerriko mina senda daitekeela dio eta besteak, erraietakoak, masajeen bidez gorputzeko barne-organoak senda daitezkeela dio.
Kiropraktikari dagokionez, bizkarrezur eta ornoei eskuez eragitean oinarritzen den tratamendua da. Kiropraktikoek diotenez, gorputz guztia bizkarrezurrean irudikatuta dago eta, hortaz, bizkarrezurra manipulatuz gorputzeko beste atalak ere senda daitezke. Diotenez, osasun kaskarra subluxazioek eragiten dute: bizkarrezurreko ornoen lerrokadura oker txikiek sortzetiko adimen delakoa oztopatzen dute eta, ondorioz, gaixotasunak agertzen dira. Sasi-medikuntzan sartu gara bete-betean. Kiropraktikoek erabiltzen dituzten subluxazio eta sortzetiko adimen kontzeptuek ez dute zentzurik egungo ikuspuntu zientifikotik. Kiropraktikoek, gainera, teknika gogor samarrak erabiltzen dituzte bizkarrezurra manipulatzeko, eta bibliografia zientifikoan aski dokumentatuta dago kiropraktikak albo-ondorio arriskutsuak izan ditzakeela (dislokazioak eta hausturak, besteak beste).
Ebidentzia zientifikoari eta frogei dagokienez, osteopatia eta kiropraktika ez dira eraginkorrak hezur eta muskuluetakoak ez diren eritasunak sendatzeko. Berrikuspen sistematikoek erakutsi dute, gainera, bizkarreko eta lepoko minaren kasuan medikuntza konbentzionalaren eraginkortasun bera dutela. Hortaz, E. Ernst eta S. Singh zientzialariek Sendabide ala iruzurbide liburuan esaten duten bezala, kiropraktikoak eta osteopatak ez dira fisioterapeutak baino hobeak eta fisioterapia seguruagoa da (eta, normalean, merkeagoa). Kontuz, bada, kiropraktikoekin, eta jakin, osteopatia fisioterapia garestia besterik ez dela, kasurik onenean. Ebidentzia zientifikoaren arabera bi terapiek bizkarreko eta lepoko mina sendatzeko bakarrik balio dute (kontrakoa esaten badizute ere). Osteopatia edo kiropraktika erabili nahi badituzu, libre zara nahi duzuna egiteko, baina, fisioterapeuta titulua duen norbaitekin zaudela ziurtatu. Arren.