Umorea eta ironia lagun, gai eskatologikoak ez dira falta izan astekariko txoko honetan: igerilekuetan ez da pixa egin behar (gero begiak horregatik gorritzen zaizkigu); baina, itsasoan egin daiteke (kimikaren ikuspuntutik, behintzat). Tronuko gogoetak artikulu bereziak irakaspen garrantzitsua zekarren: mikrobiologia oinarri hartuta, komuneko tapa ponpa tira aurretik jaitsi behar da. Barbakoan erretako haragiaren kimika azaldu nizun, elikagaietan dauden substantzia toxikoetaz aritu nintzen, alkoholak eragiten dituen ondorioak kontatu nizkizun, transgenikoak zer diren azaldu nuen, eta abar. Gaiak ez dira falta, zientzia edonon aurki baitaiteke.
Egun ondo baloratzen dira zientzia-kutsua duten argudioak. Hau edo bestea zientifikoki frogatuta dagoela esatea, hainbat ikerketen ondorioetan oinarrituta dagoela baieztatzea, eta abar. Publizitatean eta marketinean, esaterako, askotan aipatzen da zientzia. Alabaina, zientziarekiko ideia oker eta beldur asko daude eta ezjakinak manipulatzea erraza da. Iruzurgileak beti daude hor, zelatan, eta zientzialariok haien aurrean egon behar dugu, zientzian oinarritutako pentsamendua hedatzen eta azalpenak ematen.
Nola ez, gustukoen dudana ere egin dut: sasizientziei egurra ematea. Itsasoko ura edatea osasungarria dela esaten dutenei erantzun nien argudio zientifikoekin, eta homeopatia (nire sasimedikuntza kuttuna) ere hizpide izan dut. Sasizientziari egurra ematea eta, ideia antizientifikoen aurka borrokatzea ez da lan makala, baina, pixkanaka kultura zientifikoa hedatzea da kontua. Zientziaren pentsamendu kritikoa zabaltzea. Dibulgatzea, alegia, jakintza bateko ezagutzak horretan aditu ez direnei ulertzeko moduko era errazean azaltzea. Zientziaren terminologia hertsiak sortzen duen beldurra uxatzea. Ez da erraza, baina, noizbait piztu ote dizut zientziarekiko interesa nire hitzekin?
Tira, bada, uztailekoa izango duzu nire azken ekarpena, ikasturte honetan behintzat. Ikasturtea, bai, zuk zerbait ikasi izana espero baitut. Azterketa gainditu duzu, baina nota igotzeko errekuperaziora aurkeztekoa bazara, nire artikulu guztiak hemen dituzu (sarean bakarrik argitaratu direnak ere badaude): ataria.info/komunitatea/JosuLG. Zure iritziak, kritikak, iruzkinak, proposamenak eta galderak helarazteko, idatzi iruzkinak lasai. Bai, idatzi.
Amaitzeko, aitortuko dizut zientzia dibulgatzen dugun ikertzaile eta irakasleok zama pixka bat ere eraman behar izaten dugula. Mundu akademiko lehiakor honetan, dibulgazioak ez du ezertarako balio izaten gure curriculumean. Are gutxiago euskaraz egiten bada jardun hori. 2011. urteko Zientzia eta Teknologia Legearen 38. artikuluak dio (eta ondo esan, gainera) Herri-administrazioak sustatu eta errekonozitu egin behar dituela gizartearen kultura zientifikoa areagotzeko zientzia-sistemako agenteok egiten ditugun aktibitateak. Hein handi batean hitz hutsalak dira, oraingoz. Orduan, irakurle, galdetuko didazu zergatik dibulgatzen dudan nire curriculum akademikoan aitorpenik ez badu. Bada, dibulgatu egin behar dudala uste dudalako. Eta, zergatik dibulgatzen dudan euskaraz? Bada, beste galdera batekin erraz erantzungo dizut egin ez didazun galdera hori: zergatik ez?