Hydrargyrum

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko mai. 21a, 10:00

Maiatzaren 9an Merkurio planetaren trantsito astronomikoa gertatu zen: Merkurio Eguzkiaren aurretik igaro zen eta Lurretik ikusteko aukera izan genuen. Kimikariok badugu beste merkurio bat, askotan iraindutako Hg elementua, eta horixe izango dut gaur hizpide. Bide batez, orain badakizu merkurioaren ikurra zergatik den Hg.

Merkurioa antzinatetik ezagutzen den metala da. Esaterako, erromatarrek merkurioa erabiltzen zuten urrea eta zilarra erauzteko. Merkurioa likidoa eta zilar-kolorekoa izanik, zilar urtsua izenarekin ere ezagutzen zuten (latinez hydrargyrum). Merkurio, bestetik, erromatarren jainko mitologikoa zen: jainko mezularia, azkarra... metal likido berezi horren parekoa. Izenaren eta ikurraren jatorria, hortaz, argi dago.

Kimikaren ikuspuntutik, merkurioa elementu bitxia da. Giro tenperaturan likidoa den metal bakarra, dentsitate handikoa (litro batek 13,5 kg-ko masa du) eta gainazal-tentsio handikoa. Azken ezaugarri horri esker, merkurioak esferak osatzeko joera du. Noizbait termometro bat hautsi baduzue, zorua bolatxoz josi ondoren konturatuko zineten horretaz. Era berean, bustitzen ez duen likidoa da: esponja bat merkuriotan sartuko bagenu, lehor-lehorra aterako litzateke. Merkurioak, bestalde, dilatazio-koefiziente handia du, alegia, tenperatura aldaketa txiki batek bolumen aldaketa handia eragiten dio. Horregatik likido aproposena izan zen neurgailuak egiteko, esate baterako, termometroak eta barometroak.

Egun, merkurioaren erabilpena murrizteko hainbat lege indarrean dira; izan ere, merkurioa oso toxikoa eta ingurumen-kutsatzailea da. Toxikotasun hori ulertzeko, dena den, merkurioa forma desberdinetan egon daitekeela jakin behar dugu. Alde batetik, termometroetan dagoen merkurio metalikoaren toxikotasuna ez da bereziki altua. Berotzean askatzen diren merkurio-lurrunak, aldiz, toxikoagoak dira. Bestetik, merkurio ez-organikoa (metalikoa) merkurio organikora pasatzen da ekosistemen aktibitate biologikoaren eraginez, eta horrela, metilmerkurioa ekoizten da, besteak beste. Merkurioren forma organikoak oso toxikoak dira. Metilmerkurioa substantzia neurotoxiko arriskutsua da eta, gainera, kate trofikoan biometatu egiten da (arrain handietan, nagusiki). Hori da merkurioaren industria-erabilera murrizteko arrazoi nagusia. Zorigaitzez, Minamatako badia (Japonia) aski ezaguna da metilmerkurioak eragindako ingurumen-hondamendiaren kausaz.

Egunotan, merkurioa baztertzen ari gara eta ospe txarreko metala da, bai, baina aitor diezaiogun izan duen garrantzia. Alternatiba hobeak aurkitu diren arte, odontologian erabiltzen ziren merkurio amalgamak paregabeak ziren txantxarrak kaltetutako hortzetan enpasteak egiteko, adibidez. Egun ere, kontsumo txikiko bonbillak egiteko merkurioa erabiltzea ezinbestekoa da (1-3 mg inguru). Horregatik, bonbilla horietako bat apurtzen bazaizu, gela ondo aireztatu beharko zenuke. Inoiz ez al diozu galdetu zeure buruari kontsumo txikiko bonbillak zergatik ez diren beirarekin edo errefusarekin batera bota behar? Orain badakizu, ene irakurle: Hg.

Merkurioari buruzko azken bitxikeria moduan, kontatuko dizut kapelagintzan merkurioa erabiltzen zela feltroak egiteko (1940an debekatu zen). Merkurio-lurrunak usaintzearen ondorioz kapelagile askok arazo neurologikoak izaten zituzten, «kapelagileen gaitza» deiturikoa. Hortik dator Lewis Carroll-en Alizia herrialde miresgarrian ipuineko kapelagile eroaren pertsonaia. Literaturan ere kimikak badu bere aztarna...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!