Duela gutxi Maite Alustiza kazetariak homeopatiaren gaia ekarri zuen TOLOSALDEKO ATARIA-ra "Ez dut sinesten" artikulu argigarriarekin. Nik ere harri-koxkor bat jarri nahi dut eztabaidan eta, bide batez, guztioi aholku hau luzatu nahi dizuet: Grabitazio Unibertsalaren legea ukatzen duenari aurka egiteko fisikaria izan behar ez den bezala, zientziaren oinarrizko kontzeptuak ukatzen dituenari aurka egiteko ez da zientzialaria izan behar. Egia, egia da, Agamenonek esan ala haren txerrizainak.
Gatozen harira. Alde batetik, Bartzelonako Unibertsitatearen erabakia goraipatzekoa da. Oinarri zientifikorik gabeko sasiterapia bati buruzko masterra egotea onartezina da. Bestetik, arrazoi beragatik kritikagarria da: zergatik jarri zuten martxan masterra? Osasun Ministerioak berak 2011n jakinarazi zuen bezala, ez da frogatu homeopatia eraginkorra denik gaixotasun bakar bat ere sendatzeko. Plazebo efetua besterik ez da. Edonola ere, tristea da jakitea Kimika Fakultateko ikasle batek Change.org webgunean hasitako kanpainari esker iritsi dela Unibertsitatea erabaki hori hartzera. Valentziako Unibertsitateak antzeko erabakia hartu berri du. Pozgarria. Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar oraindik unibertsitate askotan mantentzen direla tankera horretako ikasketak.
Homeopatia masterraren albistearen harira zalaparta handia sortu zen hedabideetan. Egun gutxi batzuk lehenago, gainera, beste ikerketa baten ondorioen berri izan genuen: homeopatia ez da plazebo efektua baino eraginkorragoa (hemen nire azalpenak Durangaldeko Anboto-n). Ondorio logikoa, homeopatiaren oinarria ezagutzen baduzue (hemen nire azalpenak Sakanako Guaixe-n). Azken artikulu horretan azaltzen dut homeopatia zer den, baina, laburtuz: Samuel Hahnemann (1755-1843) izan zen sortzailea eta bere ateraldietan oinarritzen da. Besterik ez.
Edonola ere, hedabideetan eta sare sozialetan sortutako zalaparta ikusita, Valéire Poinsot Boiron multinazionalaren arduradunak prentsaurrekoa eman zuen Madrilen; izan ere, homeopatia negozio itzela da. Mundu mailan, homeopatiaren negozio-bolumena mila milioi eurokoa dela jotzen da (Espainian, homeopatiak 60 milioi euro fakturatu zituen 2011n). Multinazionalak urduri daude: Britainia Handiko NHS Osasun Zerbitzu Nazionalaren datuen arabera, 1995ean 164.000 errezeta homeopatiko agindu ziren, 2014an, berriz, 10.200 (%94ko jaitsiera).
Poinsotek prentsaurrekoan adierazi bezala, Espainian ezjakintasun handia dago homeopatiaren inguruan (sic). Prentsaurrekoan emandako argudioek ez zuten asko lagundu: iturriak aipatu gabe hainbat datu emateaz gainera, sendagai homeopatikoen «akzio-mekanismoa ezezaguna dela» eta «egiaztapen zientifikoa ez dela behar» azaldu zuen. Osasungintzaren arloko hedabide baten arabera, Boiron «barregarri» geratu zen prentsaurrekoan. Niri auzo-lotsa eragin zidan.
Homeopatia babesten duten medikuak eta zientzialariak egon badaude, oraindik ere. Gehiago dira babesten ez dutenak, baina, edonola ere, hori ez da eraginkortasunaren froga. Kreazionismoa babesten duten zientzialariak badaude, klima-aldaketa ukatzen dutenak eta teoria geozentrikoaren aldeko direnak, esate baterako. Homeopatiaren erabiltzaile eta lagunen elkarte bat egotea ez da eraginkortasunaren froga. Maiatzean Donostian Homeopatiako Kongresu Nazional bat egitea ez da homeopatiaren eraginkortasunaren froga (web-orriaren euskarazko bertsioa irakurtzea aholkatzen dizuet). Pittsburgh-en kreazionismoaren nazioarteko kongresua egin zelako ez dugu eboluzioaren teoria zokoratuko, ezta?
Tira, kontraesan puntu bat ere sumatuko zenuten: nola liteke Osasun Ministerioak onartzea homeopatia ez dela eraginkorra, baina, sendagai homeopatikoak farmazietan saldu ahal izatea? Erantzun sinplea da: ez dute kalterik eragiten, hortaz, legezkoak dira. Dena den, kontuz: homeopatia-produktuek araudi espezifikoak dituzte eta araudi horiek ez dira ohiko sendagaiek bete behar dituztenak. Oro har, homeopatia-produktuek ez dute eraginkortasuna frogatzeko saiakuntza klinikorik gainditu behar, zertarako balio omen duen esatearekin nahikoa da. Azukre-pilula horiek, hortaz, ez dira kaltegarriak. Eragin dezaketen kalte bakarra zera da: eraginkorra den terapia bat ez jarraitzea homeopatiak sendatzen duelakoan. OMC Mediku Elkargoa ere homeopatiaren aurka dagoela gogoratzea ere garrantzitsua da eta, are gehiago, Juan José Rodríguez Sendín OMCko lehendakariak adierazi du homeopatia «sinesmena» dela eta ez dagoela «Medikuntzaren munduan».
Zentzu horretan, azpimarratu nahi dut zientzian ez dagoela eztabaidarik homeopatiaren inguruan. Homeopatia babesten dutenek, falaziak eta gezurkeriak erabili ohi dituzte argudiotzat (hemen nire azalpenak Arabako Alea-n). Zorroztasun zientifikoz egindako ikerketarik ez dago homeopatia babesten duenik.
Sendagai homeopatikorik onena erabiltzen ez dena da.
Artikulu-sorta guztia:
Homeopatiaren astea (I): zer da homeopatia eta zergatik da arriskutsua? - Sakanako Guaixe-n
Homeopatiaren astea (II): homeopatiaren eraginkortasuna - Durangaldeko Anboto-n
Homeopatiaren astea (III): homeopatiaren aldeko argudioen gainbehera - Arabako Alea-n
Homeopatiaren astea (eta IV): eztabaida homeopatikoa - Tolosaldeko Ataria-n