Larunbat gauetarako kimika

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko ots. 20a, 19:00

Eguneroko zientziaren txoko honetan larunbatak badu bere tokia. Oparo afaldu, garagardo pixka bat edan eta gero gerokoak. Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak omen dira. Ba, alkoholarenak ez, eta jarraian kontatuko dizkizuet.

Lehenik eta behin, azter dezagun gorputzera zer sartzen ari garen. Garagardo baten alkohol-graduazioa «alc. %5 vol» bada, zer esan nahi du honek? Bada, garagardo horren 100 mL-tan 5 mL alkohol puru daudela. Kimikari batentzat, ordea, alkohol mota asko daude eta edarietan dagoen horrek izen propioa du: etanola. Bi karbonoz, sei hidrogenoz eta oxigeno batez osatutako molekula organikoa. Zauriak desinfektatzeko erabiltzen den likido hori bera. Organismoan zenbat etanol gramo sartzen ari garen jakin nahi badugu, formula hau erabili behar dugu: etanol gramoak = (edandako mL-ak x edariaren graduazioa x 0,008). Esaterako, 5º-ko garagardoaren 250 mL-ko kaña batean 10 g etanol daude.

Kaña ahotik sartu eta badoa. Badoa urdailera zuzen-zuzenean. Minutu batzuk igarota, hesteetan dago, eta hortik odolera iristen da. Edan eta 30-45 minututara izaten da odol-kontzentrazio maximoa odolean (faktore askoren araberakoa da, dena den). Odoleko etanol kontzentrazio maximo hori formula honen bidez kalkula daiteke: C (g/L-tan) = hartutako etanol gramoak / (M x R). M gorputzaren masa da eta R, berriz, banaketa-faktorea (oro har: 0,7 gizonentzat eta 0,6 emakumeentzat). Hortaz, aurreko adibideko garagardo kañarekin, 70 kg-ko gizon batek 0,20 g/L etanol kontzentrazioa izango luke odolean.

Odol-fluxuarekin batera, etanola gorputzeko organo guztietara zabaltzen da, eta azkar zabaldu ere, etanola ondo disolbatzen delako uretan (odolaren osagai nagusia). Eragin handiena garunean eta gibelean izaten du, bertan baitago odol-fluxurik handiena. Etanolak garunean neurotransmisoreen lana oztopatzen du, eta hortik mozkorraren sintoma batzuk. Neurotransmisoreak giltza-sarraila moduan pizten eta itzaltzen direla pentsatzen badugu, etanolaren efektua sarrailan silikona jartzea litzateke.

Bestalde, etanola ezin dugunez zuzenean gorputzetik kanporatu (edandakoaren %2-10 bakarrik kanporatzen da metabolizatu gabe), kanporagarriak diren molekuletan bihurtu behar da. Lan horren zatirik handiena gibelak egiten du alkohol deshidrogenasa deritzon entzimari esker. Alkohol deshidrogenasak etanola oxidatzen du, azetaldehidoa emanez. Era berean, beste entzima batek azetaldehidoa azetatora oxidatzen du eta, horrela, organismoaren bide metabolikoei esker, azetatoa pixkanaka elimina daiteke (Krebs zikloaren bidez edo gantzak sintetizatuz). Eta zein abiaduratan gertatzen da hori? Bada, gutxi gorabehera, orduko 0,15 g/L-tan murrizten da odoleko etanol kontzentrazioa.

Tira, ene irakurle, gaurkoan honaino iritsi gara eta ajearen kimika hurrengorako utzi beharko dugu, baina, gogoratu sarritan esaten dudana: ez dago gomendagarria edo onuragarria den alkohol-kontsumorik. Aizu, eta ez esan hidratatzeko edaten duzula garagardoa, edari alkoholdunek deshidratazioa eragiten dute eta. Etanolak hormona antidiuretikoaren sintesia inhibitzen du eta, ondorioz, behar baino gernu gehiago ekoizten da. Zientifikoki frogatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!