Substantzia bat naturala edo sintetikoa izan daiteke, jakina. Horrek bere jatorria besterik ez du azaltzen, eta ez du inolako loturarik bere ezaugarriekin edo toxikotasunarekin. Oro har, onartuko dugu substantzia naturalak naturatik erauzten direla eta sintetikoak, aldiz, laborategian egiten direla. Beste substantzia batzuen kasuan, gainera, bi bideak posible dira. Horrelakoetan, laborategian sintetizatutakoa eta naturatik erauzitakoa bereiztezinak dira ezaugarri fisiko eta kimiko guztiei dagokienez. Irizpide horren arabera, substantziak lau taldetan sailka daitezke. Badira natural/ez-toxikoak (adib. ura, sakarosa), natural/toxikoak (adib. formaldehidoa, solanina), sintetiko/ez toxikoak (adib. aspartamoa, propilen glikola) eta, azkenik, sintetiko/toxikoak (adib. azido azetilsalizilikoa, sodio tiopentala). Konposatu natural/toxikoen taldean sailkatzen dira, hain zuzen ere, egunero (eta lasaitasun osoz) jaten ditugun hainbat konposatu toxiko. Jarraian adibide batzuk ekarriko ditut plazara eta, esan beharrik ez dago, elikagai natural-organiko-bio-ekologikoetan ere badaudela.
Udareak formaldehido naturala du, 60 mg/kg kontzentrazioan, gutxi gorabehera. Formaldehidoa substantzia oso toxikoa da, eta Osasunaren Mundu Erakundearen minbizia ikertzeko agentziaren arabera (IARC), arriskuaren eskalan 1 mailan sailkatuta dago: formaldehidoak minbizia eragiten duela aski frogatuta dago, hortaz. Patatak 20-150 mg/kg solanina kontzentrazioa du. Solanina ezagutzen diren substantzia hilgarrienen zerrendan 17. postuan dago. Gainera, patatak frijitzen direnean Maillard erreakzioaren kausaz akrilamida eratzen da, 0,03-1,35 mg/kg inguru. Patata frijituek duten akrilamida IARCren arriskuaren eskalaren 2A mailan dago, glifosato pestizidaren talde berean. Sagar haziek amigdalina kontzentrazio altua dute: 600 mg/kg inguru. Amigdalina ere substantzia oso toxikoa da; izan ere, digestio-aparatuan amigdalina molekula zatitu egiten da eta zianuroa askatzen da. Kalabazinak kukurbitazina du, txanpiñoiak hidrazina, gereziak azido hidrozianikoa, kafeak furanoa, gaztak nitrosamina... zerrenda amaigabe baten adibideak.
Lasaitasun handiz esango dizut, ene irakurle, egunero jaten eta edaten dituzula kontzentrazioa altuan oso toxikoak liratekeen substantziak (eta horietako asko minbizi-sortzaileak dira, gainera). Are gehiago, ahalegin guztiak eginda ere, ezinezkoa izango zaizu horiek saihestea. Bizitzeagatik ordaindu beharreko bidesaria da, ezer ez jatearen eta edatearen ondorioak larriagoak dira, ziur. Substantzia oro kaltegarria da bere kontzentrazioa (edo kantitatea) nahiko altua bada. Dosiak egiten du pozoia. Beraz, lasai egon zaitez, kantitate oso txikiak jaten dituzu eta. Kontuz halako edo bestelako elikagaiak substantzia toxikoak dituela entzuten baduzu, toxikotasun arazoak eragiteko zer kantitate jan behar den jakitea beharrezkoa baita. Elikagai bat ezin da ebaluatu kontzentrazio txikian duen substantzia bakar batean oinarrituta. Artikuluaren bigarren zatian erakutsiko dizkizut, irakurle, toxikotasunari buruzko argudio zehatzagoak. Bien bitartean, lasai bizi. Tira, dena den, kukurbitazinari esker nik lortu dut kalabazin-pure madarikatua ez jateko aitzakia perfektua.