Adeitasunez-edo, sartu aurretik zegoen bezala utzi behar den, edo tokiko estetika arauei men eginez bi tapak jaitsi behar diren... dilema latza! Oraingoan ere zientzian aurkitu dut ezbai horren erantzuna. Aldez aurretik esango dizut, ene irakurle, hitz hauek idazteko aztertu ditudan ikerketen ondorioek nire lasaitasunean kalte larria eragin dutela.
Charles P. Gerba izan zen aitzindaria. 1975ean, komuneko ponpa tira ondoren gertatzen diren fenomeno fisikoak eta biologikoak aztertu zituen. Ikerketen arabera, urak, hondakin biologikoek eta gorotz-germenek aerosol bat osatzen dute (bioaerosola) eta bainugela guztian hedatzen da pixkanaka. Komunzuloan eratu eta ia bi metroko distantziaraino sakabanatzen dira aerosoleko tantatxoak, norabide guztietan. 2013an American Journal of Infection Control aldizkarian argitaratutako beste ikerketa baten emaitzek teoria berretsi zuten: milioika birus eta bakterio dituen laino ikustezinak segundo gutxi batzuetan bainugelako paretak, atea, konketa eta beste gainazalak estaltzen ditu. Jakina, gu bertan bagaude, arnas aparatutik biriketara ere iristen da. Mikrokokoak, estafilokokoak, enterokokoak, estreptokokoak eta bestelako hainbat mikroorganismo antzeman dituzte ponpa tira ondoren sortutako bioaerosolaren kausaz. Aipatutako ikerketaren ondorioen arabera, komunetako aerosolek eta gaixotasun infekziosoek lotura dute, lotura hori zenbaterainokoa den oraindik zehatz-mehatz ezagutzen ez bada ere.
Agian punturik kritikoena hortzetako eskuilen kasua da; izan ere, aski frogatuta dago gorotz-germen koliformeak bertara iristen direla sakabanatutako aerosolari esker. American Society for Microbiology elkarteak ohartarazi du mikrobio patogenoen garraioa erraz gerta daitekeela, batez ere jende askok partekatutako bainugeletan. Quinnipiac-eko Unibertsitateko (Connecticut, AEB) bainugela bateko hortzetako eskuilak aztertu zituztenean, eskuilen %60 gorotz-koliformeekin kutsatuta zegoela ikusi zuten. Horretaz gainera, kutsadura kasuen %80 jabea ez zen beste norbaiten mikrobioak zirela ere frogatu zuten. Hori gutxi balitz, hortzetako eskuilari tapatxoa jartzea alferrikoakoa da; izan ere, hezetasunaren kausaz, tapatxoak mikroorganismoen hazkuntza areagotzen du. Egokiena, hortaz, hortzetako eskuilak komuneko aerosoletik urrun gordetzea litzateke.
Esan behar dizut, irakurle, bi aukera dituzula mikroorganismoz beteriko ihintzaren efektua saihesteko. Alde batetik, aerosolak hedatzeko segundo batzuk behar dituenez, ponpa tira bezain azkar ziztu bizian alde egin dezakezu komunetik. Tximistak hartuta bezala, arrapaladan. Kontuan izan aerosola 4-6 orduz mantentzen dela ingurunean, beraz, ez zaitez itzuli pixka batean. Bestetik, ponpa tira aurretik komuneko tapa jaitsi dezakezu. Antza, asko murrizten da komunzulotik kanpora ateratzen den birus eta bakterio kopurua tapa jaitsita dagoenean. Orain badituzu, hortaz, komuneko tapa jaisteko argudio zientifikoak. Jaitsi ezazu, bai, baina ponpa tira baino lehen.
Iturriak:
David L. Johnson et al., American Journal of Infection Control, 41 (2013) 254-258.
Charles P. Gerba et al., Applied Microbiology, 30 (1975), 229-237.