Itsasoko bainuak eta pixalarria. Tandem arriskutsua?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2015ko ira. 8a, 09:47

Uztailean igerilekuko uretan pixa egitearen ondorio larriak izan nituen aztergai. Artikulu haren harira, galdera hauxe egin diot neure buruari: gauza bera esan al daiteke itsasoan pixa egiteari buruz? Amerikako Kimika Elkartearen erantzunak zur eta lur utziko zaitu.

Uda amaitzear den honetan, konturatuko zinen hondartza askotan ez dela komunik ageri. Komunak daudenean, berriz, estatistikoki espero zitekeena baino jende gutxiago egon ohi da bertan. Ondorioa bistakoa da: nork ez du noizbait pixa egin itsasoan? P&Gk egindako inkesta batean, %62k onartu zuen itsasoan pixa egin izana, eta horien %48k, gainera, sarritan egiten omen zuen. Jakina, gaizki ikusita dagoen praktika da eta, eskuarki, ez dugu lau haizetara zabaltzen pixa egiteko pixka bat aldenduko garela. Gure hondakin organikoek itsasoko ekosistema kaltetuko dutelakoan edo, isilean gozatu beharreko plazer txikia da. Kimikari naizen aldetik, ordea, diot: etikoki gaitzetsitako jarduera horrek ba al du gaitzetsia izateko oinarri zientifikorik?

Amerikako Kimika Elkarteak (ACS) dioenez, itsasoko uretan pixa egitea ez da kaltegarria. Baina ez hori bakarrik. Harrigarria bada ere, pixa ekosistemarentzat onuragarria dela aldarrikatzen dute. Jarraian, plazaratu dituzten arrazoiak azalduko dizkizuet.

Lehenik eta behin, kimikaren ikuspuntutik pixa hauxe da: %95 ura, %2 kloruro, sodio eta potasio ioiak, %2 urea, eta, azkenik, kontzentrazio txikian dauden beste hainbat substantzia (kreatinina, azido urikoa eta abar). Guztira 3.000 osagai baino gehiago identifikatu dira giza-gernuan. Itsasoko uraren konposaketari dagokionez, %96,5 ura da eta %3 kloruro, sodio eta potasio ioiak dira (gainerako %0,5a kontzentrazio txikian dauden milioika konposatuz osatuta dago). Beraz, ikuspuntu kimikotik, pixa eta itsasoko ura ez dira oso desberdinak (%97tik gorako antzekotasuna dutela onar daiteke).

Bestetik, gernuak badu konposatu toxiko bat kontzentrazio nahiko handian: urea. Elikaduraren bidez hartzen ditugun osagai nitrogenatuak (nagusiki proteinak) digeritzen ditugunean eratzen da urea. Ureak bi nitrogeno atomo ditu, eta horri esker, gernuaren bidez kanpora dezakegu behar ez dugun nitrogenoa. Urea toxikoa izan daiteke, baina, ACSren arabera itsasoan diluitu ondoren duen kontzentrazioak ez du kalterik eragiten. Ezta guztiok pixa itsasoan egitea erabakiko bagenu ere. Horretaz gainera, urearen nitrogeno eduki altuak amonio ekoizpena handitzen du eta amonioa da, hain zuzen ere, itsasoko (eta lurreko) landareen elikagaietako bat. Nekazaritzan erabiltzen diren ongarri askoren osagai izaten dira urea eta amonioa.

Azkenik, gogoratu: itsasoan ez zaude bakarrik. Zure ondoan, uretan, ehundaka animalia daude. Ziurtatzen dizuet guztiek uretan egiten dutela pixa (baleek, esate baterako, 975 L eguneko); prozesua natural-naturala da eta, gainera, beharrezkoa. Gizakiak horretarako ere berexiak ote gara?

Azaldutako arrazoiak direla-eta, oro har, itsasoko uretan pixa egitea gomendagarria da, ACSk dioenez. Dena den, gizabanako osasuntsuen kasurako ari naiz; izan ere, bakterioek zein birusek sortutako gaixotasunak gernuaren bidez kutsa daitezkeela gauza jakina da (esaterako, gastroenteritisa). Horrelako infekzioen kasuan itsasoko uretan ez sartzea gomendatzen da, eta are gutxiago igerilekuan. Hortaz, gaitz kutsakorrik ez baduzu, itsasoan murgiltzen zaren hurrengo aldian esfinterra erlaxatu (singularrean!) eta... egin lasai. Egin jaramon Amerikako Kimika Elkarteari. 

Informazio osagarria: A.F.C. Leonard et al., Environment International, 82 (2015) 92-100.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!